Cannesen ere jokatzen da zesta puntan

  • 2020-12-17

Laurent Sorozabal erdianEuskal Herriaz gain, leku asko dira zestan jokatzen dutenak, nahiz eta agian orain dela urte batzuk baino gutxiago izan. Estatu frantsesean, eta Euskal Herritik oso aparte, Cannesen, esaterako.

Cannes hiri ezaguna da, baina askok ez dute jakingo han zestan aritzen direnik. ´´Plaza librean bakarrik jokatzen da, ez daukate frontoirik´´, esaten du beraiekin jokatzen duen Laurent Sorozabal biarriztarrak. ´´Afizioa handia dago. 50. hamarkadan eraiki zuten plaza librea, eta ordutik ari dira jokatzen´´, esaten du Laurentek.

Dagoen lekuan egon da, kluba ez dagoela gaizki dio. ´´Bost edo sei pilotari daude bertan helduen mailan, eta dagoen lekuan egon da, ez nuke esango gaizki dagoenik. Gaztetxoak eta umeak ere hasten dira, baina gutxi edo batere ez dira izaten aurrera egiten dutenak´´. Esaten du.

Bera eurengana nola iritsi zen ere esaten du. ´´Parisen ezagutu nituen, eta eurekin jokatzera gonbidatu ninduten eta baietz esan nien. Plaza libreko zesta txapelketa beraiekin jokatzen dut´´, esaten du.

Plaza librearen berezitasun gozoak ere kontatzen ditu. ´´Canneseko plaza librea oso polita da. Harmail handi samarrak dauzka eta gero taberna dago, mahaiekin, eta partidak direnean tabernako mahaiak beteta egoten dira, jaten eta edaten ari diren bitartean, zesta ikusteko aukera izaten dute´´, dio.

Aurrera egiteko dituzten zailtasunak ere ekartzen ditu gogora. ´´Oso aparte dituzte zestan aritzeko gainerako klubak eta pilotariak. Handik bi ordutara, Marseilan, badago plaza librea, baina han ez da inor zestan aritzen´´, esaten du Laurentek. Oraingoz, behintzat, Cannesen uda guztietan izango dute zestarekin gozatzeko aukera, eta ez da gutxi, nahiz eta gazteak behar dituzten aurrera urte askoan jarraitzeko.