Cabanillasek hartuko du Mutilen Xistera Zirkuituko lehen faseko finala

  • 2019-07-31

Larunbatean, abuztuaren 3an jokatuko dira Cabanillaseko Udal Pilotalekuan Mutilen Xistera Zirkuituko aurreneko faseko finalak, 18.00etan hasita. Bertan aurreneko faseko pilotaririk onenak izango dira hiru mailetan. Jaialdia, Bigarren Mailako finalarekin hasiko da, eta bertan Ibañez eta Olazagazti, honek Mugartegi ordezkatuko du, Garciaren eta Garaten aurka arituko dira.

Finala oso dotorea agertzen da. Bi aurrelariak ikuskizuna ematen dutenak dira, eta lehia ederra izango da aurreko koadroetan. Atzelarien lanak garrantzi handia izango du, atzean nagusitzen denak irabazteko asko izan dezake.

Lehen Mailan, berriz, Aaron eta Manci, Antxonen eta Mandagaranen aurka arituko dira, gaztetasuna, eskarmentuaren aurka izango da. Aaron eta Manci bolada oso onean daude, baina aurrean bi pilotari gogor izango dituzte. Antxonek sekulako maila dauka eta berari irabazteko dena ongi egin behar izaten da. Atzean, gainera, Mandagaranek laguntza bikaina emango dio. Final honetan De Beteluk aritu behar zuen, Antxonekin, baina belauneko lesio larri bat dela medio, Mandagarenek ordezkatuko du.

Hirugarren Mailakoa ere oso erakargarria agertzen da, eta seguru maila honetako finalean ere ez dela ikuskizunik faltako, bi aurrelariak tantoak azkar amaitzen dituzten horietakoak dira. Urreisti eta Alberro, Egañaren eta Del Rioren aurka arituko dira. Denak ere oso gazteak, eta seguraski denbora oso laburrean denak ere maila nagusian izango diren lau pilotari dira.

Final guztiak streaming bidez ikusi ahal izango dira zuzenean, www.xistera.eus web gunean edo Xisterako YouTube katean.