Berriatuak txapeldun berriak izango ditu bihar

  • 2016-05-13

Finalak zuzenean emitituko dira 18:00etatik aurrera streaming bidez eta webgunean bertan egongo dira ikusgai

Berriatuak txapeldun berriak izango ditu bihar, 18:00etatik aurrera, izan ere, orduan Berriatuako zesta punta klubak, Udaleko laguntzarekin, antolatzen duen XXVIII. San Gregorio Txapelketa, hau da, VIII. Félix Aldazabalen Memorialaren finalak jokatuko dira.

Mendibarren frontoira hurbiltzeko aukera izango ez dutenek norgehiagokak streaming bidez ikusi ahal izango dituzte www.xistera.eus web orriaren bitartez, hori Xistera, zesta puntako kluben klubaren eskutik hasiko baita bere emankizunekin.

Biharko jaialdiko txartela eskuratu zuten azkenak Alberro anaiak eta Antxon-Antón Gandiaga izan ziren, atzo gauez jokatutako finalerdietan Ibai-Arriola eta Gaizka-Ubilla menderatu baitzituzten, hurrenez hurren. Hori dela eta, garaileak arratsaldeko hirugarren lehiako protagonistak izango dira.

Aldez aurretik, funtzioari hasiera emateko, gazte mailan, Manzisidor anaiak eta Unax-Jon nor baino nor arituko dira eta segidan, eguneko bigarren lehian, nagusi mailan, hain justu, Urrejola-Ibarluzeak eta Urri-Txominek borrokatuko dute.