Arbe-Danel Mandiola eta Aaron-Uranga sartu dira Xistera Masters Txapelketako finalerdietara

  • 2020-07-27

Arbe-Danel Mandiola eta Aaron-Uranga sailkatu dira Xistera Masters Txapelketako finalerdietara. Horrela, finalaren atarikoan, Arbek eta Mandiolak, Gonzalezen eta Manciren aurka jokatuko dute, eta Aaronek eta Urangak, berriz, Antxonen eta Goixerriren aurka.

Arbe – Danel Mandiola 2 / Alberro – Zugaitz 0 (15-6 eta 15-8)

Arbek eta Mandiolak erabateko nagusitasunarekin lortu zuten finalerdietarako txartela, aurkariak baino gehiago izan baitziren. Lehen jokoan hasieran izan zen oreka apur bat, hortik aurrera Arberen erara ibili baitziren aurkariak. Atzean Danel Mandiola ongi aritu zen, eta berdeak ez zuten aukerarik izan. Gainera, Alberrok ez zuen izan bere eguna, eta huts asko egin zituen, gorriei bidea erraztuz. 3-0, 3-2, 6-2, 6-3, 7-3, 7-5, 14-5, 14-6 eta 15-6.

Bigarren jokoa ere aurrenekoaren tankerakoa izan zen. Berriro ere gorriak jaun eta jabe izan ziren, eta berdeek, oraingoan ere errazatasun handiak eman zituzten. Hala ere, amaiera aldera Alberrok eta Zugaitzek markagailua itxuratzeko modua egin zuten, 12-3 galtzen aritu baitziren. 3-0, 3-2, 9-2, 9-3, 12-3, 12-6, 14-6, 14-8 eta 14-8.

Aaron – Uranga 2 / Zuloaga – Mandagaran 0 (15-11 eta 15-9)

Aaronek eta Urangak lortu zuten finalerdiak jokatzeko bigarren txartela, eta neurketa hau aurrenekoa baino hobea izan zen. Lehen jokoan atzean egon zen gakoa, Urangak aurkaria mendean hartu baitzuen eta horrek bidea erraztu zion Aaroni. Aurrelari gasteiztarrak tanto dotoreak egin zituen. Beste aldean Mandagaranek ezin izan zuen Uranga gainditu, hala ere aurrean Zuloga ongi aritu zen, tanto onak burutuz. Partida 5-5ekoan apurtu zen, gorriek 6-0eko partziala sartu baitzuten, partida erabakiz. 0-2, 1-2, 1-3, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4, 5-5, 11-5, 11-6, 12-6, 12-8, 12-9, 13-9, 13-10, 14-10, 14-11 eta 15-11.

Bigarren jokoak ere bide beretik jarraitu zuen, baina oraingoan gorriek hasieratik lortu zuten hiru tantoko aldea, eta errenta horri eusteko gai izan ziren. Hala ere, gakoa 10-7koan egon zen, izan ere hor Zuloagak sekulako jokaldia egin zuen txapa gainean moztuz, baina doi-doi pilotak marra ganditu zuen. 10-8 jartzeko aukeratik, 11-7ra pasatu ziren, eta neurketa erabakita geratu zen. 3-0, 3-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 7-4, 7-6, 9-6, 9-7, 11-7, 11-9 eta 15-9.

Argazki bilduma ikusi