Aratz Mendizabal Goixerri: ´´Lanean segitu nahi dut hobetzen eta ikasten jarraitzeko´´

  • 2020-05-27

Aratz Mendizabal Gioixerrik 18 urte besterik ez ditu oraindik, baina jadanik bere maila ematen ari da. Pasa den urtea lehenengoa  izan zuen Xisterako Zirkuituko maila nagusian, eta irabazi egin zuen Antxonekin batera. Aita profesionala izan zuen, bere anaia ere horrela da, eta berak ere ilusio handia dauka, nahiz eta oraingoz horrekin ez duela lorik galtzen onartzen duen.

Nola joan da itxialdia?

Luze, baina azken batean nahiko beteta izan dut eguna, alde batetik goizetan eskola, eta arratsaldetan ariketa fisikoak egin ditut etxean. Orain, gainera, kanpora irteten hasi gara, eta horrek nolabaiteko askatasuna ere ematen du.

Frontoira itzultzeko gogoz?

Bai, gogo handiarekin. Egun hauetan irekiko dute Mutrikun pilotalekua, eta desiratzen nago frontoira joan eta pilotan hasteko, gutxienez, entrenatzen. Hasiera honetan izango ditugu giharretako minak, baina gozatu egingo dugu. Hala ere hau ez da izan lesio bat bezala, denak egongo gara itzultzen garenean baldintza berdinetan.

Anaia Danian izan da, bertako bideari begiratzen diozu?

Bai, beti daukagu ilusioa, azken batean denon ametsa da profesionala izatea eta nirea ere bai. Hala ere ez da loa kentzen didan zerbait. Aukera etortzen baldin bada aztertu egin behar da ondo, eta ikusi zer komeni den momentu horretan. Bitartean segi egin behar da gauzak ahalik eta ongien egiten.

Atzera begira jarrita, Xisterako Zirkuitutik zer nolako ondorioak atera dituzu?

Oso onak. Lehen urtea nuen maila nagusian, eta irabazi egin nuen. Hori ikaragarria izan zen. Aurreko urteetan gazte mailan ongi ibiltzen nintzen, goian, baina hortik maila nagusira jauzi bat bazegoen, baina ongi moldatu naiz.

Gainera lehen faseko atzelaririk onena izan zinen.

Ez dut uste atzelaririk onena nintzenik, baina nik atera nituen punturik gehien, eta horrekin finalean sartu nintzen zuzenean, eta horrek lasaitasun handia ematen du.

Final batean Antxon bezalako aurrelari bat izateak lasaitasuna emango du ezta?

Bai, dudarik gabe. Berak sekulako maila dauka, baina gero eskarmentua ere bai. Gazte mailan jokatu nuen final handia, baina hau ezberdina zen. Frontoia dena beteta, eta ardura handia da. Bera beti han zegoen, hutsen bat eginez gero laguntzeko, animatzeko, eta eskertzen da.

Zein helburu jarri zenituen denboraldi honetarako?

Nire lehen helburua lanean jarraitzea da, ikasten eta hobetzen segitzea. Oraindik gaztea naiz, eta hobetzeko eta ikasteko gauza asko dauzkat, eta horretan jarraitu behar dut, eta horrekin batera zestarekin gozatu. Nik futbolean eta pilotan jokatzen dut, eta bietan jarraitu nahi dut, nahiz eta zestak duen lehentsuna. Kirola eginez gozatzea oso garrantzitsua da.