Akarregi ari da indarra hartzen

  • 2018-05-03

Akarregi da Lekeitioko elkartea. 80. hamarkadan sortu zen, eta zesta eta eskua batzen zituen, eta batzen ditu. Klubak tarte luze honetan bere gorabeherak izan ditu, eta une honetan egonkortze lanean ari da. Badirudi zulotik irten eta berriro ere argi izpi dizdiratsuak iritsi direla Bizkaiko kostako herri honetara.

´´Normalean 15 eta 20 lagunen artean aritu izan dira gure klubean zestan jokatzen, eta horrela izan zen 2007. urterarte. Orduan, ordea, bai eskuzkoak eta baita zestakoak ere entranatzen zituen Fausto Larrinaga entrenatzailea kanporatu zuten. Udalak dirurik ez zegoela eta erabaki hori hartu zuen. Bera zen bai pilotalekuko kantxeroa, entrenatzailea, eta beste hainbat gauza ere egiten zituen´´, esaten du Aitzol Gallatebeitiak, klubeko ordezkariak.

´´Horren ondorioz, zebiltzan ia ume denak utzi egin zuten kluba, eta ez bakarrik zestan aritzen zirenak, eskuz aritzen zirenek ere gauza bera egin zuten. Eskuzkoak 100 inguru ziren, eta gero 20ra pasatu ziren. Beherakada nabarmena izan zen´´, eransten du.

Egoera erabat okertu zen pilotarentzat Lekeition, eta orduan, 2009. urtean, gazteei laguntza eskatu omen zitzaien. ´´Hasteko, eskua egonkortu nahi izan zen, eta hori lortu zen, 20 pilotari inguru izatetik, 70 inguru izatera pasa baitzen denbora gutxian´´, esaten du Aitzolek.
Behin eskuzkoa egonkortu zutenean, zestaren txanda iritsi omen zen. ´´Eskua osatu zenean, zestari ekin zitzaion, eta une honetan 10 ume eta 4 gazte gaude elkartean. Hor zulo handi bat daukagu maila batzuetan, eta apurka-apurka errekuperatzen saiatzen ari gara. Hemen dena denen artean egiten dugu, elkarri lagunduz. 7-12 urte bitarteko umeak ditugu, eta hortik helduetara maila batzuk falta zaizkigu, baina ea denborarekin hori ere lortzen dugun´´, dio Aitzolek.

Guzti honetan Xisteraren lana ere oso garrantzitsua dela uste du Akarregiko ordezkariak. ´´Xisterak lan handia egiten du. Klubak ordezkatzen gaitu, eta garbi dago beharrezkoa zen zerbait dela. Egiten dituen torneoak garrantzi handia daukate, ilusio handia pizten du, eta aukera asko ematen ditu´´, dio Gallatebeitiak.

Hala ere, bere ustez, umeekin izan dituen ekimenak ere oso garrantzitsuak omen dira.´´Umeekin egiten duen lana ere oso aipagarria da. Kanpusa, esaterako, sekulakoa da umeentzat. Gure klubeko ume guztiak dagoeneko horri begira jarrita daude. Horrek ikaragarrizko ilusioa pizten die, eta hori behar da, zestak eta bere inguruak gazte eta umeei ilusioa piztea´´, esaten du Akarregi elkarteko ordezkariak.

Lekeition afizioa badagoela esaten du Gallatebeitiak. ´´Afizioa badago hemen. Agian ez da egongo Markinan, Gernikan, edo Berritxun bezainbestekoa, baina udan pilotalekuko harmailak bete egiten dira. Aurten, gainera, lehen aldiz Xistera Zirkuitoa ekarriko dugu Lekeitiora, eta uste dut jendeak erantzun ona emango duela´´.

Garbi dago Leketion ilusiorik ez zaiela falta, eta lanean jarraituko dutela. ´´Profesional izandakoak etortzen zaizkigu laguntzera. Normalean igande goizetan egiten ditugu umeekin saioak, eta beraiek etortzea guretzat oso garrantzitsua da, azken batean erreferentzia bat direlako denentzat´´, aitortzen du Aitzolek.

Orain ereiten ari direnak seguru emango dituela fruituak, eta asmo eta itxaropen horrekin ari dira lanean Lekeition, eta zestak herrian sona eta ospea izan dezan ere bai, kirol honetan aritu eta probatu nahi duten guztiei aukera eman nahian, hori baita aurrera egiteko bidea.