Hastera doa zesta puntan afizionatuetan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena

  • 2019-09-12

Xisterako Interjai Txapelketa, iazko Mutilen Xistera Zirkuituko onenek jokatzen duten lehiaketa, abiatzera doa. Bihar Mutrikun 18.00etan izango da aurreneko saioa eta finala azaroan, oraindik zehazteko dagoen leku batean jokatuko da.

´´Eskari handia daukagu, eta oraindik ikusten ari gara zein izan daitekeen finala jokatzeko lekurik onena, baina azaroan izango da´´, esan zuen Josu Mugartegi Atainek, Xisterako ordezkariak, herenegun iluntzean egin zen aurkezpenean. Bigarren urtez jokatuko da Interjai Txapelketa. Iaz arrakasta handia izan zuen. ´´Hau afizionatuen zesta puntako Championsa da. Hemen izateko lan luzea eta ona egin behar da. Txapelketa hau jokatzea ez dago edozeinen esku´´, adierazi zuen Atainek.

´´Interjai jolasteko Xisterako Zirkuitu bikaina egin behar da, hemen daude iazko sei aurrelaririk onenak eta baita sei atzelaririk onenak ere´´, erantsi zuen. Aurkezpena hasi aurretik egin zen zozketa, iaz txapela jantzi zuten Goixerriren eta Andonegiren eskutik. Bikoteak honela geratu dira: Laloo-Manci, Etcheberry-Ibarluzea, Zuloaga-Uriel, Antxon A.Elkorobarrutia, Gaizka-M.Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz. Aitor Elkorobarrutia min hartuta dago une honetan, eta lehen jardunaldirako osatuko ez denez, lehen ordezkoak, Unai Urangak, ordezkatuko du, eta bera arituko da Antxonekin bikotea osatuz.

Lehen fasean denak denen aurka jokatu beharko dute, eta aurrenekoa zuzenean sailkatuko da finalera. Bigarrenak, hirugarrenak, eta laugarrenak finalerdia jokatuko dute kiniela eran, eta irabazten duenak lortuko du azaroan jokatuko den finalerako bigarren txartela.

´´Honekin Xistera Zirkuituak ere lehiakortasuna eta motibazioa irabazten du. Gaztetxoentzako hauek dira, erreferentzia eta hori garrantzitsua da. Iazko irabazleetako bat Ameriketan ari da jadanik, eta horrek garbi uzten du, guri begira jende asko dagoela´´, esan zuen Aitor Txurrukak, Xisterako ordezkariak. ´´Txapelketa honekin internazionalizazioa ere bilatzen dugu. Zirkuitua Euskal Herri osoan jokatzen da, baina hau kanpora ere joaten da. Iaz Bartzelonan eta Pauen izan ginen, eta posible da aurten ere nonbaitera joatea´´, erantsi zuen.

Pilotarientzat ere Interjai oso garrantzitsua dela onartu zuten han zirenek. ´´Azken batean urte osoa honen zai ematen dugu´´, esan zuen Antxon Alberdik. ´´Hemen izateko oso erregularra izan behar da, Xisterako Zirkuituan beti oso maila ona eman behar da, bestela ezinezkoa da hemen izatea. Lehiaketa hau oso garrantzitsua da guretzat´´, gehitu zuen.

Prentsa aurrekoan ziren iazko txapeldunak, Goixerri eta Andonegi. Aurten bietako inor ez da izango. Aurrelaria Danian ari da jokatzen, eta atzelariak, berriz, ezin izan zuen aurten jokatzeko txartela lortu, Xisterako Zirkuituan dagoen maila agerian geratuz. ´´Guretzat sekulako poza izan zen irabaztea, hau baita afizionatuetan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena. Baina hau irabaztea urte osoko lana da, ez partida batekoa. Hemen izateko lana asko eta ongi egin behar da, eta baita hau irabazteko ere. Oso torneo garrantzitsua da afizionatuentzako, eta horren atzetik maila ezberdinekin Xisterak egindako lan bikaina ere badago´´, esan zuen Ekaitz Mendizabal Goixerrik.

Interjai, lehen jardunaldia irailak 13, Mutrikuko pilotalekuan (18.00)

  1. Gaizka-M.Elkorobarrutia / Aaron-Zugaitz
  2. Zuloaga-Uriel / Antxon-Uranga
  3. Laloo-Manci / Etcheberry-Ibarluzea