Denek izango dituzte euren aukerak

  • 2018-09-21

Ezin da atzera begira egon, aurrekoak ez du balio, eta hori pilotariek badakite. Bihar arratsaldean Donibane Lohizuneko kiniela irabazten duenak bakarrik lortuko du Bilboko finalean izateko txartela. Retolaza-Uriel, Goixerri-Andonegi eta Bailo-Manci arituko dira txartel horren bila.

´´Aurretik egindakoak ez du balio. Larunbatean egin behar da, hor atera behar da dena, eta irabazten saiatu´´, dio Ekaitz Mendizabal “Goixerrik”.

´´Egia da guk bi bikote hauei irabazi egin diogula ligaskan, baina hark orain ez du balio, eta kiniela bat, gainera, erabat ezberdina da, ez dauka zer ikusirik. Beraz, harekin ahaztu, eta orain hau daukagu buruan, hau irabazi beharra daukagu, Bilbon egon nahi badugu´´, dio Julen Iriondo “Retolazak”.

´´Guk, bi bikoteekin galdu dugu, baina bietako inork ez digu erraz irabazi. Hala ere kiniela beste gauza bat da, ohiko partida batekin zer ikusirik ez duena, eta ondorioz denontzat izango da oso ezberdina´´, esaten du, berriz, Iñaki Bailok.

Kinielak denei ateak zabaltzen dizkiela, eta hasieratik puntuak lortzen hastea dela komenigarria esaterakoan, denek egiten dute bat. ´´Nik uste dut kiniela erara jokatuta, denok dauzkagula aurrera egiteko aukerak. Hemen garrantzitsua izango da huts gutxi egitea, eta tantoak pilatzen azkar hastea. Bi edo hiru huts egin eta tantorik gabe baldin bazaude, eta besteak aurrera badoaz, buruak ere eragina izan dezake´´, esaten du Goixerrik.

´´Neri gustatzen zait, hiru bikote eta kiniela 25era jokatzea. Beti zaude partidan, kanpoan egoteko oso denbora gutxi dago. Egia esan, era honetara denok dauzkagu aukerak finalean izateko, eta garrantzitsua izango da huts gutxi egitea. Beste aldetik, tantoak azkar lortuta indarra ere emango du´´, esaten du Retolazak.

´´Kiniela beti da ezberdina, eta nik egia esan ez ditut asko jokatu, baina iruditzen zait era honetara ez dagoela faboritorik, denok aukera berdinak izango ditugula finalean sartzeko. Gero, zer den onena esaten ez dakit. Ahalik eta tantorik gehien azkar lortzea izango da, baina pentsatzen dut kiniela batean bolada on batek aukera asko ematen dituela, hor tantoak pilatzea lortuz gero, babes handia izango dela´´, dio Bailok.

Hirurak ere oso gustura daude Interjai bezalako Txapelketa batean, eta aurrera ere jarraitzea gustatuko litzaieke. ´´Uste dut Txapelketa ona izan dela, maila oso ona izan dela, eta orokorrean pilotari guztiontzat izan dela oso ona. Pertsonalki asko gozatu dut´´, esaten du Retolazak.

Pilotalekuari begira jarrita, hiruak gustura daude, nahiz eta batzuek besteek baino gehiago ezagutzen duten Donibane Lohizuneko Campos Berri Jai Alai. ´´Nik udan dezente jokatu dut bertan, eta asko gustatzen zaidan pilotalekua da. Handia eta gozoa, oso gustura jarduten naiz bertan´´, adierazten du Goixerrik.

´´Nik gutxitan jokatu dut Donibane Lohizunen, baina aritu naizenean oso sentsazio onak eman dizkit. Frontoi handia da, eta ederra eta alde horretatik ez dut uste inork aitzakiarik izango duenik´´, dio Retolazak. ´´Ez dut bertan asko jokatu, eta ez dakit zer esan, baina daukadan sentsazioa ona da. Itxura ederreko pilotalekua da, handia, ez dut uste frontoiak eraginik izango duenik, dio berriz, Bailok.

Bikote bakoitzak izango ditu bere jarraitzaileak, nahiz eta mutrikuarrek bananduta izan beharko duten. Alde batetik Goixerri eta Andonegi, eta bestetik Manci. Azken honek Bailoren laguntza izango du, eta jende asko dator Noaindik, eta hauek ere ez dute animo faltarik izango, Retolazak eta Urielek izango ez duten bezalaxe. Bai Etxebarritik, eta baita Cabanillasetik ere jende mordoa izango da euren pilotariak animatzen, eta ez da girorik faltako.

Finalerdia igande eguerdian Euskal Telebistako lehen katetik ikusteak ere pilotariei ilusioa egiten die, baina dudarik gabe, denen nahia urriaren 6an Bilboko Deportivorako txartela lortzea da, horrek finalean direla esan nahiko baitu. Han aritzeko jadanik txartela lortuta daudenak, eta finalerdiak lasai ikusiko dituztenak, Antxon eta Ibarluzea dira.