Durangoko Ezkurdi Zesta Eskolak gazteak erakartzeko ahaleginean jarraitzen du

  • 2019-03-20

Durangoko Ezkurdi Zesta Eskolak lanean jarraitzen du, gazteak erakartzeko asmo horrekin, pasa den asteko ostegun eta ostiralean Kurutzeaga ikastolako neskak eta mutilak aritu ziren zesta ezagutzen, eta berarekin gozatzen, azken batean hor baitaude etorkizuneko zestako pilotariak.

´´Helburua gazteei zesta zer den erakustea da. Batzuk ezagutzen dute, baina beste batzuk ez, eta asmo horrekin lanean ari gara. Une honetan klubean 15 pilotari besterik ez ditugu, eta iruditzen zaigu harrobia ikastoletan dagoela, eta horregatik egiten dugu elkar lan hau´´, esaten du Pedro Garitak, Ezkurdiko arduradunak.

14 eta 15 urteko gaztetxoak aritu ziren, eta goiz politak pasa zituztela deritzo Pedrok. ´´Goiz politak izan ziren, azken batean jolas eginez erakutsi behar zaie. Dena dela, uste dut, neskek askoz ere arreta gehiago jartzen dutela, interes handiagoa agertzen dutela mutilak baino´´, deritzo.

Kontua ez da hemen amaitzen. ´´Une honetan apirilean beste eskolaren bateko gaztetxoak ekartzeko ahaleginean ari gara, eta saiatuko gara horretan. Gero, seguraski maiatzean berriro ere Kurutzeaga Ikastolakoak etorriko dira, baina gazteagoak, 10-11 urtekoak. Gure helburua da datorren kurtsoan gure zesta puntako familia handitzea´´, esaten du Pedro Garitak.