Zestak ikuskizuna eskaini zuen Etxebarrin

  • 2019-07-26

Etxebarrik zestarekin duen urteroko zita izan zuen aurtengoan ere, Santiagoko jaiak medio, eta bertako pilotariak irabazterik izan ez bazuen ere, neurketa dotorea eskaini zuten jokatu zuten lau pilotariek. Azkenean, Arbe-Mandiolak 29-30 hartu zituzten mendean Antxon-Lekue.

Partida oso polita izan zen, oso parekatua izan baitzen. Susto bat ere izan zen, 8na zihoazela, Arberen bi pareta baten ostean aurpegian jo baitzion pilotak Antxoni, baina zorionez ez zen ezer gertatu, eta pare bat minutu geldirik egon ostean, aurrera jarraitu zuen.

Hortik aurrera Antxon eta Lekue 17-12 ere egon ziren, 20na berdindu arte. Berriro ere berdinketak jarraitu zuten, baina Markina-Xemeingo bikotea 26-27 aurretik jarri zen. Hala ere Antxonek eta Lekuek ez zuten etsi, eta neurketa 29-27 jarri zuten euren alde, baina ez zuten asmatu bukatzen, eta amaieran Arbek eta Mandiolak eraman zuten garaipena 29-30.