Vidalek eta Atain II.ak Bigarren Mailako finala uste baino errazago irabazi zutela onartzen dute

  • 2020-02-13

Unax Vidal eta Gorka Mugartegi Atain II.a izan ziren Xisterako Bigarren Mailako Zirkuituko txapeldunak. Berriatuakoa eta Markina-Xemeingoa 2-0 nagusitu ziren Ibañezen eta Olazagaztiren aurka (15-10 eta 15-11).

Bikote bizkaitarrak hasieratik bukaerara izan zuten finala kontrolpean, eta biak onartu dute uste baino errazago irabazi zutela finala. ´´Nik uste dut uste baino errazago irabazi genuela. Beti izan genuen tarte bat gure alde, eta horrek lasaitasun apur bat ematen zigun, nahiz eta jakin eurak ere bolada on bat izaten bazuten gauzak zail jarriko zizkigurtela. Hala ere, dena ongi joan zitzaigun´´, esaten du Unax Vidalek.

´´Gauzak nahiko ongi bideratu genituen bi jokoetan, nahiz eta bigarrengoan apur bat urduri jarri ginen, eta asko gerturatu zitzaizkigun. Hala ere, ongi moldatu ginen, eta dena primeran atera zitzaigun´´, esaten du Atain II.ak.

Gakoa non egon zen esaterakoan ere, biak ados jarri ziren. ´´Pilotaleku honetan bai Gorkak eta baita nik ere askotan jokatu dugu, eta hori nabaritzen da, eurak ez baidute askotan jokatu. Gainera, gu finalerdi batetik gentozen, finalerdi oso ona egin da, eta horrek konfiantza handia eman zigun´´, dio Unaxek.

´´Gu oso ongi moldatu ginen, asko hitz egin genuen elkarrekin, eta horrek asko laguntzen du. Gero, pilotalekua ere ongi ezagutzen genuen, eta horrek ere izaten du bere aldea. Finalerditik gentozen, gainera, eta biok ongi jokatuta irabazi geuen hura ere, eta horrek berak ere konfiantza handia ematen du´´, dio, berriz, Gorkak.

Atain II.a zen gainera finaleko gazteena, 15 urterekin. Ez omen du sekulan ahaztuko finaleko egun hura. ´´Seguraski nire kirol bizitzako egunik onena izan zen. 15 urte besterik ez ditut, eta Bigarren Mailako finalean sartzea lortu nuen. Gainera, hau zen nire lehen parte-hartzea Xisterako Txapelketa batean, eta finalean sartu nintzen. Herrian jokatu nuen, frontoia beteta, eta irabazi egin genuen. Oso egun ederra izan zen niretzat“, esaten du markinarrak.

Final hau irabazi eta gero, bi pilotariek onartzen dute aurrera egiteko indar handia hartu dutela. ´´Xisterako txapelketetan beti nahiko ongi biltzen nintzen, baina ez nuen lortzen azken txanpa horretan egotea. Aurten finalerdietan sartzea lortu dut, eta ondoren finalean ere sartzeko aukera izan dut, eta gainera irabazi. Beti hobetzen eta ikasten joateko gogoz nago, eta dudarik ez izan, honelako garaipen batek aurrera egiteko ikaragarri balio duela´´, esaten du Unax Vidalek.

´´Honelako final bat jokatzea bakarrik itzela da, eta irabaztea, berriz, ikaragarria. Aurrera begira lanean jarraitzeko gogoa eta indarra ematen dizu, beste era batera ikusten dira gauzak honelako finalak irabazita´´, esaten du, berriz, Atain II.ak.