Inoiz baino indartsuago dator Xisteraren denboraldi berria

  • 2018-05-29

Xisteraren denboraldi berria inoiz baino indartsuago dator. Alde batetik, Xistera Zirkuitoaren hirugarren edizioa jokatuko da, eta aurten aurreneko aldiz nesken Xistera Zirkuitoa jokatuko da, eta baita lehen aldiz Mundiala ere izango dute emakumezkoek. Mutilen Interjai lehiaketa ere aurten estreinatuko da.

Nesken Zirkuitoa izango da denboraldia zabaltzen lehena, datorren asteburu honetan jokatuko baita Cabanillasen, Nafarroan, lehen saioa, eta abenduaren 22an amaituko da oraindik zehazteko dagoen leku batean, 13 jaialdi jokatu ostean. Baina aurtengo ekintzarik handiena Munduko Txapelketa izango da, Bartzelonan urriaren 19an eta 20an jokatuko dena. Bertan izango dute lehen aldiz emakumezkoek Mundial bat jokatzeko aukera. Guztira 50 pilotari arituko dira denboraldi honetan.

Mutiletan, berriz, 120 pilotari arituko dira bi mailatan banatuta. Markinan abiatuko da ekainaren 29an Xistera Zirkuitoa eta 16 jaialdi eta gero abenduaren 22an bukatuko da zehazteko dagoen leku batean. Urtetik urtera hazi egin da lehiaketa hau, eta horren ispilu da geroz eta herri gehiago direla Xistera Zirkuitoko partidak hartu nahi dituztenak. Xisteraren barruan sartuta dauden klub gehienetako ordezkariak arituko dira parte hartzen.

Baina, aurten mutilek berrikuntza bat ere izango dute, izan ere iazko sei aurrelaririk onenek, eta sei atzelaririk onenek, Interjai txapelketa berria jokatuko dute. Zazpi jaialdi izango ditu eta ekainaren 24ean abiatuko da Cabanillasen. Finala, berriz, Bilboko Deportivon jokatuko da urriko aurreneko asteburuan. Tartean, jaialdiak izango dira bai Madrilen eta baita Bartzelonan ere.
Bertan parte hartuko duten bikoteen zerrenda zozketa bidez egin da, eta honako hauek jokatuko dute: Bailo-Manzisidor, Mendizabal-Andonegi, Iturrino-Suso, Iriondo-Arellano, Alberdi-Ibarluzea eta Etcheverry-Sallaberry. Ordezkoak, berriz, Gonzalez eta Laloo aurrelariak izango dira eta Olasolo eta Mandiola atzelariak.

Babes-kanpaina

Bestetik, Zure lagunatzak ez dauka preziorik izeneko babes-kanpaina abiatu du Xisterak, eta horretarako sustapen bideo bat aurkeztu da. Bertan ahalik eta lagunik gehien topatzea izango da helburua. Horretarako Xisterak web gunean zehaztuta duen lekuan bere datoak uztea nahikoa izango du.

Xisterak ahalik eta lagunik gehien behar ditu. Jende asko ari da lanean, eta bolondres, gainera, baina proiektua hazten ari den moduan, laguntza gehiago behar du, eta horretarako nahi ditu Xistera Lagunak. Hori izateko ez dauka ezer ordaindu beharrik, baina aldi berean lagun egiten denak onurak izango ditu. Horrela, Xisterak antolatzen dituen ekitaldietan sarrerarik jarriko balitz, Xistera Lagunek ez lukete ordaindu beharko. Xisterako produktoetan ere deskontuak izango dituzte.

Azken batean, lagun egiten denak ez du ezer ordaindu beharko, onurak bakarrik izango ditu, eta nola ez, Xisterari lagunduko dio.