Ereño hasi da fruituak jasotzen

  • 2018-07-19

Euskal Herriko zestako eskolarik gazteena izango da Ereñokoa, bi urte pasa bakarrik baiditu, eta zalantzarik gabe, bera da zestak duen herririk txikieneko elkartea ere, ez baita 300 biztanlera iristen.

´´2015eko abenduaren 20an hasi ginen eskolan, eta une honetan 25 ikasle izango ditut, neska eta mutil, adin ezberdinetakoak. Igandetan egiten ditugu entrenamenduak´´, esaten du Sabino Olarretak, elkarteko eta eskolako sortzaileak.

´´Hasiera batean umeek eta gaztetxoak jolasteko eskola bat zabaldu nahi nuen. Gernikatik Ereñora bizitzera etorri nintzenean, ikusten nuen hemen aukerak bazeudela. Mutrikuko elkarteak ikaragarri lagundu zidan, Jon Mendizabalek, eta haren bitartez izan nuen Xisteraren berri. Orduan hasi nintzen haiekin hizketan, eta garbi esan behar bada, Xistera izan ez balitz , seguraski gaur ez zen Ereñoko eskolarik egongo´´, gehitzen du Sabinok.

Ereñon, herri txikia izanik, ez zen horrelako ezer izan, eta harrera bikaina izan dela onartzen du Sabinok. ´´Azkenean hau herri txiki bat da, eta zaila zen horrelako zerbait egotea. Egia da Gernika hemendik oso gertu dagoela, eta azken batean gehienek zuten zestaren berri. Hala ere, herri osoak erantzun bikaina eman du, eta hori oso pozgarria da´´, dio Sabinok.

Baina puntista profesional ohia ez dago bakarrik, baditu laguntzaileak ere. ´´Patxi Fernandez de Retana, Jose Angel Urberuaga eta Iñigo Rementeria dira nirekin batera hemen zesta erakusten ari direnak. Hala ere, gero, elkartean ez dira denak Ereñokoak, inguruko herrietakoak ere badaude, eta badira Bilboko bat, eta Leioan bizi den kataluniar bat ere´´, esaten du Sabinok.

Eskolaren eta klubaren inguruan sortu den giroa ere bikaina dela dio Olarretak. ´´Egia esan behar bada, hemen gurasoek ere sekulalako lana egin dute, oso sartuta daude klubean, eta ikaragarri laguntzen dute. Eurak ere saiatzen dira parte hartzen. Azken batean gure helburua jendeak zesta ezagutu, honekin harremantean izatea zen helbura, eta zaindu, gustura ibili daitezela. Horiek ziren helburuak, eta oraingoz denok gaude oso gustura´´, deritzo.

Baina, herrian, 41 metrotako frontoia bakarrik dago. ´´Ez da zestako frontoia, baina hasteko nahikoa da, eta hor oso gustura gabiltza. Egia da, gazteetan, edo kadeteetan norbaiti txiki gera dakiokela, baina oraingoz egin nahi duguna egiteko ongi dago´´, esaten du Sabinok.

Afizioaren aldetik, herrian ez dagoela onartzen du. ´´Herri txikitxoa da, eta eskola honekin zerbait sortu da, baina aurretik ez zegoen ezer. Rementeria zegoen, lehen puntista izandakoa, nahiz eta ez zen profesionala izan. Hark lagundu zidan hasieran, eta orain ere asko. Gero herri osoaren babesa daukagu orain´´, dio Olarretak.

Sabino, ordea, prest dago laguntza nahi duen guztiari eskaintzeko. ´´Guk igandetan egiten ditugu entrenamenduak, baina norbaitek gehiago egin nahi baldin baditu, nik ez daukat arazorik, ni laguntzeko prest nago. Une honetan, gainera hiru neska dauzkagu Xisterako Zirkuitoan´´, esaten du.

Olarretak, amaitzeko, berriro ere garbi uzten du Xisteraren emana. ´´Zestak aurrera egiteko ezinbestkoa izan da. Lehen esan bezala, bera izan ez balitz gu ez ginaden egongo, eta Mutrikuko taldeari, Jon Mendizabali, haueri ere eskerrak eman behar zaizkie, hau bideratzen eta Xisterarengana gerturatzen lagundu baizidaten. Garbi dago Zestak Xistera bezalako ekimen bat behar zuela kirol hau bultzatzeko, klubak eta eskolak batzeko, eta lortu du. Aurrera egiteko beharrezkoa den erreminta da´´, gehitzen du Sabinok.