Zestaren ametsa berriro ere agertu da Zaragozan

  • 2020-11-28

Zaragozan izan ziren pilotari profesionalak, baita eskola ere, baina aspaldian ez zegoen ezer. Baina batzuen nahiak eta gogoak hor jarraitu du, Gimenez anaiak beti izan zuten izana berreskuratzeko nahi hori, eta badirudi ametsa geroz eta gertuago daukatela.

´´Julian Arratek eta Patxi Rodriguezek, bi profesional ohik sortu zuten eskola 80. hamarkadaren hasiera. 25 gaztetxo egon izango ginen jokatzen´´, ekartzen du gorora Raul Gimenezek. ´Txapelketa ezberdinak jokazten aritu ginen, urte dezentez jarraitu genuen, baina arazoa frontoian genuen, ez Zaragozan, ez eta Aragoi osoan ez zegoelako zestarako baldintzak betetzen zituen frontoirik´´, dio Raul Gimenezek.

Eta hara non, Cabanillasera joan ziren, eta han ezagutzen ez zuten kirol bat jarri zuten abian. ´´Cabanillas ez dago aparte, eta hango frontoi zaharrak 42 edo 43 metro neurtzen zituen, eta han jokatzeko baimena eskatu genuen, eta baietz esan ziguten. Begira, orduan Cabanillasen ez zuten zesta ezagutzen eta Zaragozatik joan zen bertara. Gerora, begira zer nolako eskola duten han, eta Zaragozan desagertu egin zen´´, dio Gimenezek.

Apurka-apurka, itzaltzen joan zen, baina berotasuna geratu egin zen. ´´Behin gurea desagaertu zenean, gu Cabanillasera joaten ginen, eta jarraitzen dugu joaten, astean behin zestaz aritu ahal izateko, nahiz eta ez dugun haiekin fitxarik izan, bertako bazkideak gara´´, esaten du.

Baina orain gauzak aldatu egin zaizkie, eta ametsak egi bihurtzeko bidea hartu du. ´´San Jorge Unibertsitate pribatuan, 54 metroko frontoi bat egin zuten, eta horrek bidea errazten digu. Gainera, Aragoiko Federazioak sekulako interesa jarri du zestarekin, eta ikaragarrizko laguntza ematen digu. Monitore tituloa ateratzeko behar den guztia eman dit, eta gaitza amaitzen denean, eskola bat montatzeko asmoa daukagu´´, esaten du Gimenezek.

´´Orain eskolaz eskola gabiltza modalitate guztiak erakusten, baita zesta ere, eta pauso bat da, horrela ezer egiten hasterako, umeek eta gaztetxoek gure zesta ezagutu ahal izango dutelako´´, esaten du. Orain nahia betetzea falta da, baina Gimenez anaiek duten nahiarekin eta gogoarekin, eta federazioaren laguntzarekin, badirudi gaitzak utzi bezain azkar, Zaragozan berriro ere zesta izango dela.