Zestak leku zabala dauka Girondako eskualdean

  • 2018-10-25

Villenave d´Ornon, Bordeleko hirigunetik 10 minutura dago. Hantxe dago Gironda eskualdeko frontoi luze bakarra. Eskualde horrek eta Euskal Herriak lotura handia izan dute betidanik, eta hori orain ere nabari da. Xistera Villenavais da klubaren izena, erdia euskalduna, eta bere harmarrian ere ikurrina dago. Euskal kutsua nabaria da klub honetan, eta baita lanerako gogoa, grina eta ilusioa ere.

´´Hemengo pilotalekua 1974. urtean egin zuten, baina hasiera hartan estali gabea zen. Ondoren estali zuten, handik urte batzuetara´´, dio Pat Lemarchandek, klubeko ordezkariak. ´´Frontoiarekin batera abiatu zen pilota ere herri honetan, eta zestako eskola, berriz, 1999.urtean hasi zen. Ordutik lanean ari gara´´, eransten du.

Hasiera hartan pala eta zesta biak ziren klubean, baina orain dela bi urte, zesta bereizi egin zen klubetik, eta elkarte berri bat sortu zuten. ´´Barneko arazo batzuk izan genituen, eta klub berri bat sortzeko hautua egin genuen. Hala ere, bestean zeuden zestako guztiak etorri ziren guregana, eta aurrera egin dugu´´, dio Lemarchandek.

Elkartearen egoera ere osasuntsua dela baieztatzen du. ´´Gure asmoa eta nahia klub osasuntsu bat izatea da, eta hori lortzen ari garela uste dut. Lanean gustura ari gara, eta klubera datozenak ere gustura sentiarazten saiatzen gara, eta uste dut jendea gustura dabilela´´, berresten du.

Gaur egun duten lizentzi kopurua ere ez da batere txarra. ´´Gaur egun 60 lizentzia ditugu elkartean, eta horietako erdiak gaztetxo eta umeenak dira, beraz, egoera ona dela esan genezake´´, esaten du Lemarchandek. ´´Neskak falta zaizkigu. Lehen  izan genuen bat, baina une honetan ez daukagu, nahiz eta saiatzen ari garen neskak erakartzen´´, gehitzen du.

Dagoen lekuan egon da, eta inguruan beste klubik ez dutenez, kilometroak egitea egokitzen zaie, partidak jokatu ahal izateko. ´´Ipar Euskal Herriko Txapelketa jokatzen dugu, eta han Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako klubez gain, Hossegor, Paue, gu eta Gipuzkoako talde batzuk ere aritzen gara. Frantziako Txapeletan ere aritzen gara. Gero, bai Hossegorrekin eta baita Pauekin  ere gaztetxoen topaketak egiten ditugu´´, dio Lemarchandek.

Etorkizunari begira jarrita, ona eta itxaropentsua ikusten dutela berresten du klubeko ordezkariak. ´´Nik uste dut etorkizuna ona dugula. Lan asko ari gara egiten, eta batez ere formakuntzan, izan ere umeak eta gaztetxoak izango baitira  etorkizuna eskainiko dutenak, eta arreta handia ari gara haiengan jartzen. Urtero izaten dira etortzen diren berriak ere, eta aurrera begira itxaropena izateko moduan gaude´´, dio.

Herriko Etxearen aldetik ere laguntza dutela dio. ´´Herriko Etxeak erabateko laguntza ematen digu. Orain gutxi frontisa berritu zuten, eta gero zorua ere bai. Hor ikusten da baita ere eurak guregan duten konpromezua. Alde horretatik ere oso gustura gaude´´, dio Patek.

Eta jadanik Xisterara begira ere jarrita daude, izan ere proiektu oso ona iruditzen baitzaie. ´´Xistera oso proiektu ona dela uste dugu, azken batean zestako klub guztiak egon beharreko zerbait da, denok batera kirol hau indartzeko, eta aurrera egiteko. Guri gustatuko litzaiguke proiektu horretako parte izatea, beharrezkoa ikusten baitugu horrelako ekimen bat´´, esaten du Lemarchandek.

Jendeak ere zesta maite duela dio Villenave eta Bordele inguru horretan. ´´Hau eskualde handia da eta aukera ainitz daude, baina zesta ongi itsatsitako kirola da hemen, eta jendeari gustatzen zaio partidak ikustera etortzea. Zaletasuna badago, eta gu hori indartzen ahalegintzen ere ari gara´´, esaten du.

Lan handia ari dira egiten Villenaven, baina horretaz gain, ilusioa da eskaintzen dutena, eta nabaritzen dena, eta poza eta nahia ere bai. Garbi daukate aurrera lanean jarraituko dutela,  dituzten instalakuntzak ere laguntzen dute, eta garbi daukate zestak etorkizun on bat izan dezakela bai euren inguruan, eta baita handik kanpo ere.