Xisterako klubek gazteekin lanean jarraitzen dute

  • 2018-03-26

Xisteraren helburuetako bat gazteak zestara erakartzea da eta horretarako eskoletara joaten dira kirol honen berri eman eta gazteekin jolas egiteko, beti ere zer den erakutsi nahian. Martxoan zehar Durangon izan dira, bertako ikastolako pilotalekuan zestarekin jolas egin nahian.

Pedro Garita eta Juanjo Urkiri aritu ziren gazteekin jolas egiten, eta jardun zuten bost egunetan oso gustura aritu zirela esan zuen Pedro Garitak. ´´15-16 urteko neska eta mutilekin aritu ginen. Batzuk zesta ezagutzen zuten, eta beste batzuk ez zekiten zer zen ere, baina denok gustura aritu ginen. Pentsatzen dut egun politak izan zirela, eta ea orain bakarren bati probatzeko gogoa egiten zaion´´, dio Garitak.

Izan ere, hori baita helburua, gazteak zestara gerturatzea. ´´7 eta 13 urte bitartean bederatzi mutil eta neska bat dauzkagu Durangon, baina 15-16 urtekorik ez daukagu, orain kadeteak direnak, alegia. Zulo hori itxi nahi dugu gazteekin, eta horretan ari gara. Garbi dago guk joan behar dugula zesta zer den erakustera eta horretan gabiltza. Oso gustura gabiltza lantegi horretan´´, dio Garitak.