Xisterako azkeneko finalak osatuta geratu dira

  • 2019-12-30

Xisterako denboraldia amaitzeko jardunaldi bat besterik ez da geratzen, urtarrilaren 25ean jokatuko dena, eta egun horretarako finalak osatuta geratu ziren pasa den larunbatean Noainen. Bilbao-Uretak, Xistera Zirkuituko Kadeteen mailan, Egaña-San Josek Hirugarren Mailan, eta Aaron-Zugaitzek Interjain, lortu zituzten geratzen ziren azkeneko txartelak. Finalerdi bakoitzean 25 tantotako kinielak jokatu ziren.

Kadeteak

Mugertza – Lopez de Suso 12 / Arantzeta – Pagoaga 21 / Bilbao – Ureta 25

Kiniela honetan Bilbaok eta Uretak azkar egin zuten ihes, eta Mugertza eta Lopez de Suso, berriz, azkar geratu ziren atzera. Arantzetak eta Pagoagak apurka-apurka gora egin zuten eta bolada batean Bilbao-Uretaren gainera ere sartu ziren, baina azkenean Bilbaok eta Uretak ongi amaitu zuten kiniela, eta finalerako txartela lortu zuten. Agirre eta Rodriguez dira lehendik sailkatuta zeudenak.

Mutilak, 3. maila

Egaña – San Jose 25 / Libois – Iriondo 11 / Arakistain – Basterretxea 21

Egañak eta San Josek lortu zuten Urreistiren eta Del Rioren aurka jokatzeko txartela. Bikote gorriak hasieratik egin zuen ihes, alde nabarmena ere izan zuen, baina Arakistainek eta Basterretxeak ere lan ona egin zuten, eta azken txanpan berdintzea ere lortu zuten, baina Egaña zumaiarrak eta ikaragarrizko kiniela egin zuen San Jose gasteiztarrak berriro ihes egin zuten, finalerako txartela lortuz.

Interjai

Gaizka – A.Elkorobarrutia 15 / Aaron- Zugaitz 25 / Zuloaga – Uriel 21

Kiniela honek bi zati izan zituen. Hasieran Zuloagak eta Urielek ihes egin zuten, eta bazirudien finalean sartzeko aukera izan zezakela bikote berdeak, baina kiniela erdian harrapatu egin zituzten Aaronek eta Zugaitzek, eta azkenean arabarra eta lapurtarra izan ziren finalean sartu zirenak, eta han Lalooren eta Manciren aurka arituko dira. Elkorobarrutiarekin Antxon zen aritzekoa, baina Etxebarrikoa gaisorik zegoen, eta bere ordez aritu zen Gaizka.

Argazki bilduma ikusi