Xisterak Lazkaon agurtuko du denboraldia

  • 2018-12-27

Urtearekin batera amaituko du denboraldia Xisterak, ostiral honetan egingo baitu urteko bere azkeneko jaialdia Lazkaon, bertako Joxemiel Barandiaran pilotalekuan, 18.00etatik aurrera ikusgai izango baitira partidak.

Hasteko, mutilak arituko dira nor baino nor. Gonzalez eta Garat izango dira gorriz, eta Sorozabal anaiak urdinez. Lau pilotari gazte, etorkizun handikoak, eta jendearen gozamenerako ikuskizuna eskaintzeko asmoarekin kantxaratuko dira.

Jarraian, nesken txanda izango da, eta hau ere oso partida erakargarria da. Alde batetik Ortiz de Mendibil eta Merino arituko dira, eta bestetik, berriz, Jauregi eta Lizardi. Bi aurrelari ikusgarri izango dira aurrez aurre, joko alaia eta ederra egiten dutenak, eta atzean, berriz, kolpe handia duten bi pilotari izango dira.

Baina Lazkaora doazenek, zesta puntaz gain, mutilen joko garbiko partida bat ere ikusi ahal izango dute. Zabala ete Ondaro, Nazabalen eta Etxalekuren aurka arituko dira. Partidak amaitu ostean, ate irekiak egingo dira, zesta punta eta joko garbi probatu nahi dituzten guztientzat.