Xisterak hiru klub gehiago izango ditu

  • 2018-03-19

BAC Biarritz, Kostakoak Bidart eta Sam Maule dira Xisterara, Euskal Herriko Xistera Kluben Klubera batu diren azkeneko hiru taldeak. Larunbatean Mutrikun egin zen batzar orkorrean horrela onartu baitzen. Bi klub lapurtarrek eta talde zuberotarrak proiektu honetan parte hartzeko eskaria egina zuten, eta batzarrean aho batez onartu zen beraien sarrera.

Une honetan, Xisteraren barruan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ordezkariak daude, eta guztien helburua elkarri lagunduz aurrera egin, eta zesta indartzeko ahaleginean jarraitzea da. Euskal Herritik kanpoko klubek ere agertu dute proiektuan parte hartzeko nahia, eta hori ere aztertuko da datozen batzarretan.

´´Berri oso ona da hau. Xisterak hazten joan behar du, eta horretarako pilotariak eta klubak behar ditugu. Beste hiru gehiago izatea oso garrantzitsua da´´, esan zuen erabakiaren ostean Ibon Urreistik, Xisterako Presidenteak. Batzarra jendetsua izan zen, Xisteraren barruan dauden klubik gehienak bertan izan baitziren, eta baita hainbat pilotari ere. Hartu beharreko erabakiak aho batez onartu ziren.

Klubetako ordezkariek behin eta berriz adierazi zuten Xisteraren ekarpena garrantzitsua izan dela, horrek, zestari argia eta indarra eman diolako, lehiaketak ugarituz, eta baita partiden maila igoz ere.

Urteko balantzea ere egin zen, izan ere Avia Zirkuitoaz gain, beste hainbat ekimen burutu baidira bai emakumezkoekin, eta baita umeekin ere. Egindako lan horrekin aurrera jarraitzea ere aho batez onartu zen. Kanpusak egin dira, eskoletara ere joan dira zesta gertutik umeei erakusteko asmoarekin, eta beste hainbat ekintza ere bai, beti ere zestaren etorkizuna bermatu ahal izateko.

´´Xistera pilotariei zuzendatutako ekimena da. Kirol honek aurrera egin dezan, kirolariak behar ditu, bestela ezin da egin bide honetan aurrera, eta horretaz denak ari dira konturatzen´´ esan zuen Ibon Urreistik.

Denboraldi berria ere prestatzen ari dira, egutegia zehaztu, eta guztia behar den moduan lotuta eta prestatuta dagoenean, egingo da aurkezpena.

Batzarra amaitu ostean, denak, giro paregabean Mutrikuko pilotalekuan batu ziren, mokadutxo bat jan eta argazkiak ateratzeko.