Xistera Logroñora iritsiko da

  • 2018-12-05

Xisterak mugak zabaltzen jarraitzen du, eta oraingoan Errioxako hiriburura egingo du bidaia, ostegun honetan hantxe egingo baidute 11.15etatik aurrera Xisterako pilotariek erakustaldia. Bi partida antolatu dira Errioxako Pilota federazioaren eta Logroñoko Udalarekin batera Las Gaunas pilotalekuan.

Hasteko mutilak lehiatuko dira eta bertan arituko dira Arrillaga eta Mendizabal, Goitiandiaren eta Mandiolaren aurka. Eurek lanak amaitutakoan, nesken txanda izango da. Alde batetik Ortiz de Mendibil eta Lizardi arituko dira eta bestetik berriz, Jauregi eta Merino.

Logroñon zesta ez da ezezaguna, lehen elkartea izan baitzuten, baina orain ez dute, eta Federazioak, Xisterarekin batera, berriro ere zesta indartu eta abian jartzeko ahalegina egin nahi du. Horregatik, jaialdia amaitutakoan nahi duten guztiek zesta probatzeko aukera izango dute.

Honekin, Xisterak aurten Euskal Herritik ateratzen den bosgarren aldia izango du. Mutilak Bartzelonan eta Pauen izan ziren. Neskak, berriz, Madrilen bi aldiz. Lehenengo La Complutense pilotalekuan aritu ziren, eta bigarrengoan La Elipan. Oraingoan neskek eta mutilek biek izango dute Logroñon aritzeko aukera.