Vasconia taldeko neskak lehen aldiz aritu dira Xisterako nesken Topaketetan

  • 2020-03-05

Orain arte urtean behin aritzen ziren, Nesken Nazioarteko Topaketetan, baina aurten lehen aldiz Nesken Topaketa osoa egin dute, eta pozez gainezka daude Bartzelonako Vasconia klubeko neskak.

´´Katalunia osoan zazpi neska gara zesta puntan aritzen garenak, eta beharrezkoa zen horrelako zerbait egitea, bestela beti berdinekin jokatu eta entrenatzen dugu. Normalean neskak eta mutilak batera entrenatzen dugu, baina haiek ere gutxi dira, eta horrelako lehiaketa bat beharrezkoa genuen. Bikaina izan da, ikaragarri gustatu zaigu´´, esaten du Mariona Canis pilotariak.

Kataluniarrek ere Nesken Topaketetan oso eroso sentitu direla onartzen dute´´Hau familia handi bat bezala da, giro bikaina dago, eta oso ongi hartu gaituzte. Oso eroso sentitu gara bertan´´, gehitzen du kataluniarrak.

Aurkitu duten mailarekin ere txundituta geratu dira. ´´Ikaragarrizko maila dago, baita txikienek ere, eta hori guretzat ere oso garrantzitsua da, hobetzen laguntzeko balio digulako´´, esaten du bartzelonarrak. Aurten. Gainera, Xisterako Zirkuituko finalerdietara sailkatu dira hiru pilotarirekin. ´´Emaitzei begiratuta ere oso ona izan da; hiru Zirkuituko finalerdietan sartu baigara. Gero ezin izan genuen finalean sartu, baina arrazoi asko egon ziren. Urduritasuna, guretzat dena zen berria, jende asko, telebista, eta aurkariak oso onak zirela, dena´´, dio Marionak.

Okerrena, egin beharreko kilometro pila da, baina ez ditu kikiltzen. ´´Sei orduko bidaiak dira, baina Bartzelonan zestaz jokatu nahi baduzu, badakizu zer dagoen. Luze egiten da, baina ohitzen joaten zara, eta gustura egiten dugu´´, adieratzen du Marionak.

Hurrengo denboraldiari begira ere garbi dute itzuli nahi dutela. ´´Denak oso kontent ibili gara, eta hurrengo urtean errepikatzeko asmoarekin gaude´´, esanez amaitzen du Marionak.