Urte zail honi eutsi eta indartsuago egiteko asmoarekin egin da Xisterako urteko batzarra

  • 2020-09-28

Urte zail honetan ohikoa bihurtu den moduan, Xisterako urteko Batzarra ere telematikoki ospatu zen atzo eguerdian, parte hartze handiarekin. Urteko Batzarra lasaitasun osoz joan zen. Urte zaila ari da izaten Xisterarentzat, gainerako kirolentzat bezalaxe, baina, hau gainditu eta 2021ean oso indartsu itzultzeko asmoa agertu zen Batzarrean.

Dena dela, 2020 zail honetan gauzak egin dira eta egingo dira. Berrikuntzen artean, azkeneko hilabete hauetan bezalaxe, talde gestorak jarraituko du Xistera gidatzen. 2019ko udan, ordurarteko presideneta zen Ibon Urreistik, osasun kontuak medio, Presidente izatea uztea erabaki zuen, eta Aitor Txurruka eta Josu Mugartegi Atain, presidente ordeak izan ziren ardura hartu zutenak, eta hurrengo Batzarra egin arte, gauzak ongi badoaz hurrengo martxoan, horrela jarraituko dute.

Aurtengo urteari begira jarrita, jadanik jokatu da mutilen Master Interjai Txapelketa, eta hemendik eta urtea amaitu arte bai mutilen eta baita nesken lehiaketak ere jokatuko dira eta abenduan, urteroko moduan, Markina-Xemeinen ospatuko dira finalak.

Gainerantzean, 2019 urtea oso ona izan zela azpimarratu zen, eta aurrera pauso asko eman zirela eta aurtengo urtean bide beretik jarraitzeko asmoa  baldin bazegoen ere, gaitzak ia dena geratu du, baina osasun neurriak jarraituz gauzak egingo dira,  eta hurrengo denboraldian berriro ere indarrez ekiteko asmoa eta helburua nabarmendu ziren atzo egindako bileran.