Uriel Arellano: ´´Xisterak pilotarioi asko eman digu´´

  • 2020-05-08

Uriel Arellano atzelariak denboraldi ona egin du Xisterako txapelketetan aurtengoan ere. Lan arazoak medio, Zirkuituan ezin izan du denetan parte hartu, baina Interjain finaletik oso gertu  geratu zen Zuloaga lagun zuela. Cabanillasekoa berriro ere jokatzen hasteko irrikaz dago.

Nola daramazu itxialdia?

Ahal den moduan, luze egiten ari zait, nahiz eta orain kanpora atera gaitezken. Pilotan ibiltzeko aukerarik ez dugu, baina etxean badaukat lekua, eta bizi guztia kirolaren inguruan daramatenez, ekintza ezberdinak egin izan ditut, eta horrek apur bat arintzeko ere balio izan digu. Dena dela, denak pilotalekua irekitzeko zain gaude, nahiz eta banaka joan behar badugu ere. Hau herri txikia da, eta ez du gaitzak arrasto handirik egin, beraz ea gauzak samurtzen hasten diren.

Nolako ondorioak ateratzen dituzu iazko Xisterako denboralditik?

Interjaitik oso onak. Finalean sartzetik oso gertu izan ginen. Uste dut kiniela oso ona egin genuela Zuloagak eta biok, baina azken zatian behera egin geuen, eta azkenean ezin izan genuen aurrera egin eta finala jokatu.

Horren gertu izan eta finaletik kanpo geratzeak min emango du ezta?

Egia esan bai. Itxaropen askorekin joan nintzen. Gainera, iaz ere finalerdietan geratu nintzen eta aurten berriro ere gauza bera gertatu zait. Nahiko ongi joan ginen, baina ezin izan zen helburua lortu. Honelakoa da kirola, eta onartu egin beharra dago, eta baita Zuloagari eskertu ere, lan handia egin baitu.

Zirkuituak nolako zaporea utzi dizu?

Hori beste kontu bat izan da. Ongi hasi nintzen, baina lan kontuak medio, ezin izan dut deialdi guztietara joan, eta horrek aukerak kentzen dizkizu, eta nolabait apur bat gogaitu ere bai. Baina ez gara hontatik bizi, eta horrelakoak gertatzen dira.

Zer eman dizue Xisterak pilotariei?

Ikaragarri, nik behintzat asko gozatzen dut. Pilotari ezberdinak ezagutzeko aukera izan dugu, leku ezberdinetan jokatu, jende ezberdinarekin, eta horrek niretzat ikaragarrizko balioa dauka. Horretaz gain, txapelketa handiak antolatzen ditu. Pena da nik 18 urterekin horrelakorik ez izatea, baina orain dago, eta nik  zestan ari diren herriko gazteak ikusten ditut zer nolako ilusioarekin ari diren, eta poz handia ematen dit, niretzat ere oso garrantzitsua izan da Xisteraren ekarpena.

Cabanillasek daukan arazo handienetako bat bidai luzeak dira?

Bai, horrek jendea atzera dezake, azken batean inguruan ez baitago besterik zestan aritzen direnik, baina alde onak ere baditu, azken batean zestan gabiltzanok batzeko ere balio du. Autoa hartu eta orduak egin behar ditugu joan etorrian, eta derrigorrez ondokoa oso ondo ezagutzeko ere balio izaten du. Neri zestak ikaragarri eman dit.

Zein helburu zenituen datozen hilabete hauetarako?

Euskal liga bukatuta genuen, eta GRAVNIrako ilusio itzela neukan, Iturbiderekin jokatu behar bainuen. Gero, Nafarroako Buruz Bururako ere bai. Horiek ziren orain jokatu behar genituenak. Baina ez dakigu guzti hau nola joango den, eta itxarotea besterik ez daukagu.