Unibertsitate Pilotalekuan agurtuko du denboraldia AVIA Xistera Zirkuituak

  • 2017-12-14

Larunbatean jokatuko dira besteak beste Gazte zein Heldu mailako finalak 18:00etatik aurrera.

Larunbatean, abenduaren 16ean, AVIA Xistera Zirkuituak denboraldiari agur esango dio. Izan ere, denboraldi ahaztezin baten azken jardunaldia jokatuko da Markina Xemeingo Unibertsitate Pilotalekuan. Jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko bada ere, egun guztian zehar antolatu ditu ekintzak Xistera Proiektuak.

Larunbata egun berezia izango da Xistera Proiektuarentzat, izan ere, bere bigarren denboraldiari agur esateko unea izango da. Dudarik gabe denboraldi ahaztezina izan da aurtengoa, eta hori kontuan izanik, pena izango da berau amaitzea. Izan ere, aurtengo denboraldian Euskal Herriko Zesta Punta talde guztiak dira proiektuaren barruan, eta leku ezberdinetako pilotari ugari aritu dira. Talde horietako pilotariak izango dira zehazki larunbateko lehen protagonistak. Goizean, topaketa ezberdinak antolatu dira taldeetako pelotari gazteenentzat.

Arratsaldean, aldiz, AVIA Xistera Zirkuituko 2017ko azken jaialdia hasiko da. Markina Xemeingo Unibertsitate Pilotalekuan izango da jaialdia, hain zuzen ere aurtengo denboraldia hasi zen leku berean. Bizkaiko herriak garrantzi handia dauka Zesta Puntan, eta horregatik bertan jokatuko dira bigarren aldiz Zirkuituko FINAL Nagusiak.
Gazte mailari dagokionez, Theo Etchegaray (Olharroa), eta Danel Mandiola (Markina) izan dira denboraldian zehar onenak, eta horregatik haiek izango dira elastiko gorria jantziko dutenak. Haien aurkariak, Eduardo Aguirre (Zumaia) eta Aratz Mendizabal (Danok Bat) izango dira, Mutrikun jokatutako finalerdian ezustekoa nahi ez, eta garaipena lortu zutenak. Zalantzarik gabe, AVIA Xistera Zirkuituko lau pilotaririk onenak izango dira kantxan.
Lehen partida amaitu ondoren, Xisterak irailean Hernanin Oronaren laguntzarekin antolatu zuen Kanpuseko bideoa izango da estreinekoz ikusgai pilotalekuan bertan. Kanpusean izan ziren gaztetxoek euren burua irudietan ikusteko lehen aukera izango dute larunbatekoa, izan ere oraingoz irudiak ez baitira emititu.

Bideoaren ondoren, heldu mailako finalaren txanda izango da. Bertan, denboraldian onenak izan diren Julen Iriondo (Berriatua) eta Edu Suso (Gasteiz), izango dira elastiko gorriz. Urdinez, aldiz, Mutrikuko finalerdietan ezustekoa eman, eta garaipena lortu zuten Ekaitz Mendizabal (Danok Bat), eta Zugaitz Sallaberry (Luzean). Zalantzarik gabe, larunbatean eman zuten ikuskizuna errepikatu nahiko dute mutriku zein iparraldeko pilotariek. Aurrean, aldiz, bi pilotari sendo ariko dira, izan ere Julen Iriondok hiru jaialdi irabazi ditu denboraldian zehar, eta Edu Susok, aldiz, bi.

Laburbilduz, Zesta Puntak egun berezia biziko du leku berezi batean. Xistera Proiektuak Markina Xemeinen garrantzia azpimarratu nahi baitu horrelako ekitaldi handiak egiterakoan. Unibertsitate Pilotalekuak garrantzi handia izan du beti, eta horregatik, aurtengo AVIA Xistera Zirkuitua bertan hasi, eta bertan amaituko da.

Kromo kartela

KROMOAK ERE SALGAI
Zesta Puntako partidak eta topaketak ez dira izango eguneko ekitaldi bakarrak. Izan ere, Xistera Proiektuak www.kromobil.eus webgunearekin batera, Zesta Puntako KROMOAK Salgai ipiniko ditu. Goizeko topaketetan parte hartzen duten umeei albuma banatuko zaio finalen aurretik, eta ondoren, salgai ipiniko dira gutunazalak, euren idoloekin osatutako kolekzioa osatzeko asmoz.

Xistera Proiektuko sustapeneko arloak, kromoen ideia izan du Zesta Punta gehiago sustatzeko asmoz. Izan ere, txikiengan oso eragin positiboa izan ohi du horrelako ekintzek, eta hori baliatzea pentsatu dute, ea apurka-apurka gure kirol hau jende gehiagorengana heltzen den.