Tolosan amaituko da Mutilen Xistera Zirkuituko hirugarren fasea

  • 2019-12-04

Mutilen Xistera Zirkuituko hirugarren fasea Tolosako Beotibarren amaituko da larunbat honetan, 11.0etan hasiko den jaialdiarekin. Mutilen Xistera Zirkuituko hirugarren faseko finala izateaz gain, Jose Inazio Elolaren Seigarren Memoriala ere izango da. Hirugarren Mailako finalarekin hasiko da jaialdia. Libois eta San Jose, Arakistainen eta Iriondoren aurka jokatuko dute. Lau pilotariak oso maila onean heltzen dira jardunaldi honetara.

Ondoren, Bigarren Mailako saioa helduko da, eta alde batetik Donibane Garaziko bikotea zen izatekoa, Urrutia-Haronordoquy, eta bestetik Gallletebeitia eta Garat, baina azken unean, lan arazoak medio, Harinordoquyk ezin izango du jokatu, eta bere ordez Ohyenard zuberotarra arituko da, bera izan baita fase honetako hirugarren atzelaririk onena.

Maila honetan Urrutia ari da ezberdintasunak markatzen azken aldi honetan. Donibane Garaziko aurrelaria ikaragarrizko jokoarekin dago, eta min handia egiten du. Hala ere Galletebeitiak ez dauka eskarmentu faltarik, eta bi atzelariak ere oso seguruak direla kontuan hartuta, final hau ere oso polita iragartzen da.

Eta Lehen Mailan, berriz, Antxon eta Uranga, Gaizkaren eta Goixerriren aurka arituko dira. Final hau ere oso dotorea da. Antxon tartean egon da, seguraski faboritoak eurak izango dira. Uranga ere sasoi betean dago, baina aurrean bikote oso arriskutsua izango dute, Gaizka eta Goixeri une oso onean heltzen baitira final honetara.

Tolosako Beotibar, abenduak 7, 11.00, mutilen Xistera zirkuituko 3. faseko finala, VI Jose Inazio ELOLA memoriala.

  1. Libois-San Jose / Arakistain-Iriondo (3. maila)
  2. Urrutia-Ohyenard / Gallatebeitia-Garat (2. maila)
  3. Antxon-Uranga / Gaizka-Goixerri (1. maila)

Nesken Topaketak, Berriatuan

Nesken Nazioarteko Topaketen saioa izango da asteburuan Berriatuan, eta hiru egunetako jardunaldiak izango dituzte. Oraingoan, Pamierseko neskak ere izango dira, eta normalean aritzen diren guztiei batuko zaizkie.

Hiru egunetan egongo dira batuta Berriatuan, eta bertako pilotalekuan jokatuko dituzte bai kinielak, partidak era tradizionalean, eta baita jokoetara ere. Ostiralean abiatuko da saioa, 17.00etan. Larunbateko ekinaldia 11.00etan hasiko da, eta igandekoa eta azkenekoa 10.00etan. Hor amaituko dira aurtengo topaketak. Sarrera debalde izango da, eta egun zestan dabiltzan neskarik gehienak ikusteko parada izango da.