Tolosako Elolaren Oroimenezko finalak jokatuko dira larunbatean

  • 2018-12-05

Larunbatean 11.30ean hasita jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan Tolosako Ugarein Xistera Zirkuitoko Elolaren Oroimenezko Torneoko finalak. Pasa den astean jokatu ziren finalerdiak, eta maila bakoitzeko bi bikoterik onenak neurtuko dira.

Jaialdia gazte mailakoarekin hasiko da, eta Berge eta De Betelu izan ziren kanporaketako onenak eta bigarren sailkatu ziren Arrillagaren eta Iturralderen aurka jokatuko dute finala. Maila nagusiko kanporaketako onenak, berriz, Antxon eta Manci izan ziren, eta haien aurka bigarren sailkatu ziren Anton eta Sanchez arituko dira. Hauxe izango da Xistera Ugarein Zirkuitoko azkeneko torneo puntuagarria. Datorren astean finalerdiak izango dira Mutrikun, eta abenduaren 22an finalak Markina-Xemeinen.

Baina, Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteak Jose Ignacio Elola merezi bezala omendu nahi du, berak nahiko lukeen modura. Horregatik, xisteran ari diren gaztetxoak ere izango dira protagonista, Tolosako gaztetxoek txapelketa azkarra jokatuko baitute eta larunbatean 10.15tan jokatuko dute finala.

Tolosako Torneo honek helburu bikoitza du; batetik, Jose Ignacio Elola omentzea eta gogoratzea, Beotibar Zesta Punta Elkartearen sortzaile eta bultzatzaile nagusia. Eta bestetik, Zesta Punta indartzea, munduan hedatu zen pilota jokamolde azkar eta ikusgarri hura berrindartzea, Xisterarekin batera.