Salamancan ere izan da zesta jaialdia

  • 2020-10-23

Zesta ari da zabaltzen leku ezberdinetara, eta leku horietako bat Salamancako Peñaranda de Bracamonte herria izan da. Eskuz leku ezaguna da, euskal pilotari ugari izan baitira bertan, baina aspaldiko partez, baita puntistak ere izan dira aurten.

Pasa den irailean izan zen jaialdi bat, eta bertan aritu ziren hiru euskal pilotari eta Kataluniako bat. ´´Dario Garcia Bartzelonan jokatu nuen batean ezagutu eta harremana egin genuen. Bera orain Peñaranda de Barcamonte inguruan bizi da, ondoko herri batean, eta beti esaten zidan noizbait egin behar genuela han zerbait eta horrela genbiltzan“, esaten du Unai Alberro puntista donostiarrak.

´´Covida dela-eta, aurten ez da festarik izan, baina bai ekitaldi batzuk, eta horietako bat Dariok aurkeztu zuen, eta onartu egin zuten´´, ekartzen du gogora Unaik. Horrela, Dario Garcia eta Unai Alberro bertan izan ziren, eta baita Narbarte eta Urtasun ere. ´´Oso ongi hartu gintuzten. Ostiralean joan ginen, eta herri erdiko hotel batean jarri gintuzten. Larunbatean eta igandean aritu ginen, eta igande arratsaldean etxera. Oso polita izan zen´´, esaten du Alberrok.

Pilotalekua, berriz, bikaina dela esaten du pilotari donostiarrak. ´´54 metroko pilotalekua da, oso ona. Euskal Herrian asko dira hura baino okerragoak. Lurra ere oso ona dauka. Ikaragarri gustatu zitzaidan pilotalekua´´, aitortzen du Unaik.

Jendeari ere hango ikuskizuna gustatu zitzaiola dio. ´´Egoera ez da onegia jende asko joateko, eta gainera herrian bazeuden beste ekitaldi batzuk ere. Dena dela, asko gustatu zen zerbait da. Esku pilota edo frontenisa ezagutzen dituzte, baina zesta ez zuten ezagutzen´´, dio Alberrok.

´´Zestan jokatzeko pilotalekua da, baina inauguratu zuten egunean bakarrik jokatu omen zuten. Urte asko omen dira zesta partidarik jokatu ez zela  eta oso gustura geratu ziren´´, dio Alberrok. ´´Bukaeran esan genien hurrengo urtean ere joateko prest geundela eta zerbait handiagoa egin nahi bazuten ere, laguntzeko prest geundela. Beraiek oso gustura geratu ziren´´, gehitzen du.