Niretzat berri oso pozgarria da horrenbeste neska zestan jokatzen ikustea

  • 2019-02-27

Esti Arriola izan da pasa den urteko Nesken Xistera Zirkuituko beteranoena. 40 urte ditu berritxuarrak, baina ez da zesta mundura iritsi berria, nahiz eta urte askoan utzita izan duen. Oraingo unearekin gozatzen ari da, nahiz eta arazo fisiko batzuk ez utzi berak nahi bezala gozatzen.

´´Ni zestan umetxoa nintzela hasi nintzen. Nire gurasoek Berritxuko pilotalekuko taberna eduki zuten, eta orduan hasi nintzen. Zestan aritzen nintzen bakarra nintzen Etxebarriko beste batekin. Orduan ez zegoen neskak zestan aritzea ongi ikusia´´, dio Estik.

´´Hala ere, ni mutilekin aritzen nintzen, eta han bat gehiago nintzen. Nik zestarekin asko gozatu nuen´´, eransten du Esti Arriolak. Hala ere bakarra izan da, ez zen ez txapelketarik eta tankerakorik orduan ´´Bi neska bakarrik ginen, beraz ez zegoen ezer. Hala ere asko gozatzen nuen zestarekin, eta oso une ederrak pasatzen nituen´´, ekartzen du gogora.

Horrelakoetan askotan geratzen den moduan, ordea, nerabezaroan zesta utzi egin zuen. ´´15 urte nituela uste dut utzi nuela. Ia bakarrik nintzen aritzen nintzena, eta adina ere horrelakoa izaten da hori, eta zesta utzi nuen, eta esango nuke azkeneko 25 urte hauetan ez nuela bost aldiz baino gehiago hartuko´´, dio Estik.

Baina Xisteran jokatzeko aukera etorri zitzaionean ez zuen zalantzarik egin. ´´Txapelketa bat egingo zela esan zidaten eta ea animatzen nintzen. Ez nuen zalantzarik izan. Lehen asko gozatu nuen, baina ez nuen lehiatzeko aukerarik izan. Sentsazio horiek probatu nahi nituen eta gustuko dudan kirolarekin gozatu´´, adierazten du bizkaitarrak.

Horrenbeste urte utzita eduki arren, ez zaio berriro itzultzea batere kosta. ´´Azkenean zesta txirrinduarekin bezala da, ez da ahazten. Nire lana zela-eta banekien ez nuela entsegu asko egiteko aukerarik izango, baina ez nuen zalantzarik izan. Xisterako Zirkuituan parte hartzea niretzat plazer bat izan da, eta baita horrenbeste neska ikustea ere. Hori uste dut berri oso ona dela, eta kirol honen etorkizuna segurtatzen duela´, esaten du Arriolak.

Hala ere, zenbait arazo fisikok ez diote utzi berak nahi bezala gozatzen. ´´Minez ibili naiz, eta horrek ez dit behar bezala gozatzen uzten. Azterketa medikuak eta egin ditut eta ikusiko dut zer gertatzen den, baina hala ere asko gozatu ahal izan dut zestarekin, eta horrez gain, ingurukoen babesa jasotzeak ere ikaragarri lagundu dit´´, dio.

Lantziegon bizi da, han egiten du lan, eta entrenatzeko ere ez dauka tarte handirik. ´´Hemen zesta ezagutu ere ez dute egiten, eta entseguak egiteko oso aukera gutxi ditut. Hori kantxan nabaritzen dut´´, esaten du.

Etorkizunari begira ez daki zer gertatuko den. “Une honetan Maddi Jauregirekin batera Berritxuko Torneoko finalera sailkatu naiz, eta martxoaren 9an jokatuko dugu. Ikusiko dut nire lesioa nola doan. Lehenengo hori pasatu nahi dut. Honelako final bat jolasteak ilusio handia egiten dit´´, adierazten du Estik.

Gero, baita ere akaso Lantziegon zerbait egin. ´´Lehen esan bezala hemen ez da zesta ezagutzen. Egin ditugu umeei erakusten ahalegin batzuk, eta ez dut baztertzen horrelako zerbait egitea´´, esaten du Estik.
Oraingoz,  berritxuarra zestarekin gozatzen ari da, eta horrek balio du. Etorkizunak zer emango dion, denborak esango dio.