Nesken Xistera zirkuitoa Madrilera iritsiko da

  • 2018-11-14

Nesken Xistera zirkuitoa Madrilera iritsiko da, datorren larunbatean jokatuko dute La Elipa pilotalekuan, eta egun guztian arituko dira, gainera. Goizean 11.00ean hasiko da jaialdia, eta arratsaldean, berriz, 16.00etatik aurrera. Gainera ate irekiak ere izango dira, horrela Madrileko biztanleriak zesta punta gertutik ezagutzeko parada izango du, eta Xisterako neskek madrildarrei erakusteko aukera ere izanen dute.

Goizean, lehenengo adin ezberdinetako pilotariekin kinielak jokatuko dira 15 tantora, eta horien ostean iritsiko da Zirkuitoko partidaren txanda. Alde batetik Ziortza Landa eta Naroa Merino arituko dira, eta bestetik, berriz, Maddi Jauregi eta Chloe Cariteau. Bi jokotara jokatuko dute, bakoitza 15 tantokoa. Amaieran bikote bakoitzak joko bana irabaziko balu, hirugarren bat, kitarakoa alegia, jokatuko lukete, eta hori 5 tantora izango litzateke. Hor amaituko da goizeko jarduna.

Atsedentxo bat hartu eta arratsaldean beste jaialdiari ekiteko tenorea izango da. Hasteko, berriro ere adin ezberdinetako norgehiagokak ikusi ahal izango dira, kiniela erara eta 15 tantora, eta amaitzeko berriro ere Xistera Zirkuitoko norgehiagoka bat izango da. Oraingoan, Maialen Aldazabal eta Eneritz Lizardi arituko dira alde batean, eta bestean, berriz, Maddi Jauregi eta Naroa Merino.

Txapelketako partidez gain, aurrez aipatu bezala, kinielak ere izango dira, eta guztira 26 pilotari inguru izango dira Madrilen jokatuko den ekitaldian. Tolosako Beotibar, Berriatua, Mutrikuko Danok Bat, Biarritz, Donostia Jai Alai, Ereño Jai Alai, Durangoko Ezkurdia, Markina Xemein, Zumaia eta Donibane Lohizuneko Luzean taldeak egongo dira ordezkatuta La Elipa pilotalekuan.
Hau izango da neskek aurten Madrilera egingo duten bigarren bisita. Aurrekoa urriaren hasieran izan zen, eta orduan torneo bat jokatu zuten, eta Complutense pilotalekuan aritu ziren, eta oraingoan La Elipa pilotalekuan arituko dira.

Xisteraren kasuan, hau izango da Euskal Herritik ateratzen den laugarren aldia denboraldi honetan. Aurreneko bietan mutilak izan ziren atera zirenak, eta Bartzelonan eta Pauen jokatu zuten, haien kasuan Xisterako Interjai Txapelketako partidak jokatu zituzten. Neskek ere bigarren aldia izango dute, eta bietan Madrilera egingo dute bisita, baina bi pilotaleku ezberdinetan izango dute jokatzeko aukera.