Nesken eta mutilen maila nagusietako finalak erabakita daude

  • 2019-12-16

Xistera Zirkuitua ari da amaierara iristen, eta nesken eta mutilen bi maila nagusiak iritsi dira finaletara, datorren larunbatean izango baitira Markina-Xemeinen. Mutrikun jokatu ziren finalerdiak, eta horren ondorioz, Aldazabal-Calvo / Merino Lizardi, nesketan, Ibañez-Olazagazti / Vidal-Mugartegi, mutilen Bigarren Mailan, eta Antxon-Goixerri / Gonzalez-Manci, mutilen Lehen Mailan, arituko dira finaletan.

Neskak

Ortiz de Mendibil – Mariona 8 / Merino – Lizardi 25 / Carla – Raquel 6

25era jokatutako kinielan Merino eta Lizardi jaun eta jabe izan ziren. Lehen tantoetan izan zen bakarrik oreka. Hortik aurrera Lizardik atzean gainerako pilotariak mendean hartu zituen, eta aurrean Merino bikain aritu zen, tantoak oso ondo bukatuz eta ongi merezitako garaipena lortuz.

Mutilak, 2. maila

Urrutia – Garat 13 / Vidal – Mugartegi 25 / Garcia – Goitiandia 19

Finalerdi hau oso orekatua izan zen aurreneko hamar tantoetan, baina hor geratu ziren atzera Urrutia eta Garat, askorentzat irabazteko faboritoak. Gainerako bikoteak egin zuten aurrera batzuetan bat aurretik, eta besteetan bestea, baina hamabosgarren tantotik aurrera urdinek ihes egiten hasi ziren, eta ez zuten barkatu. Azken txanpa horretan aldea lortzea garrantzitsua izaten da, eta urdinek hori baliatu zuten finalerako txartela lortzeko.

Mutilak, 1. maila

Aaron – Uranga 11 / Gonzalez – Manci 25 / Arbe – D.Mandiola 13

Gonzalezek eta Mancik sekulako kiniela egin zituen. Biarrizkoa eta Mutrikukoa ez ziren ongi hasi, atzean geratu baitziren lehen tantoetan, baina behin bosgarrenetik aurrera hasi ziren gauzak ongi egiten. Hiru bikoteak hamargarren tantora arte pare samarrean joan ziren, baina hortik aurrera Gonzalez eta Manci jaun eta jabe izan ziren, finalerako txartela lortuz. Datu bitxia ere eman zen, hiru finalerdietan urdinak irabazi baitzuten.

Argazki bilduma ikusi