Naroa Merino: ´´Aurrean hobeto moldatzen naiz´´

  • 2020-05-20

Naroa Merinok pasa den urtean denboraldi bikaina egin zuen, Xisterako Zirkuitua irabaziz Eneritz Lizardirekin batera. Lekuz aldatu zuen, azkeneko urteetan atzean ari baitzen jokatzen, eta berriro aurrera pasatzeak mesede egin diola esaten du.

Nola doa itxialdia?

Gehienak bezala aspertuta. Egunean zehar etxean ariketa fisiko batzuk egiten ditut, eta iluntzeetan etxearen atzealdean aritzen naiz zestaz teniseko pilotekin, zerbait egin eta mantentze aldera.

Atzera begira jarrita, pasa den urteko Xisterako jardunaldiei buruz zer nolako ondorioak atera zenituen?

Egia esan apur bat arraro sentitu nintzen hasieran, baina uste dut denboraren poderioz konfiantza hartzen joan nintzela, gauzak hobeto eginez, eta amaieran oso gustura bukatu nuen.

Zein ekitaldi izan zen tentsiorik gehien eragin zizuna?

Mutrikuko finalerdira urduri joan nintzen, finalerako txartela jokatzen genuen, ez geneukan beste aukerarik. Gainera pilotalekua beteta jokatzera ez gaude ohituta, ni ez behintzat, baina behin frontoira iritsitakoan lasaitu nintzen. Finaleko egunean ere tankerakoa zen, han oraindik eta jende gehiago zegoen, baina behin kantxara ateratakoan lasaitu nintzen.

Finalerdiak jokatzeak mesede egin zizuten?

Hasiera batean denok nahi dugu zuzenean finalean sartzea, horrekin arrisku guztiak kentzen dituzu, baina gerora eta ikusita finalean sartu ginela, pentsatzen dut mesede egin zigula. Tentsio handiko beste partida bat, nahiz eta finalerdietan kinielak izan, jokatuta iristen ginen finalera, eta ez dut uste kalterik egin zigunik.

Noiz hasi zinen zestaz jokatzen?

Bederatzi urterekin hasi nintzen jokatzen. Nik ez nekien neskak aritzen zirenik, eta nire anaia ikustera joan nintzen batean, Eneritz Lizardi ikusi nuen jokatzen, eta orduan erabaki nuen nik ere jokatu behar nuela. Garai hartan ez nuen besterik ezagutzen. Gu ere punta banatan bizi ginen, eta partida egunean hitz egiten genuen, baina hortik aurrera ez genuen harremanik mantentzen. Orain gauzak aldatu dira, eta zorionez neska ugari gabiltza zestan jokatzen.

Nolatan pasa zinen aurrelari izatetik atzelari izatera?

Orain dela bi urte izan zen. Ordurarte beti aurrean jokatzen nuen, eta gustura nebilen, baina saketik falta egingo ote nunen beldurra sartu zitzaidan, eta atzera pasa nintzen orain bi urte. Aurten berriro aurrera pasatu naiz, eta uste dut hobeto moldatzen naizela.

Gauzak normal joan izan balira, zein ziren zure hurrengo erronkak?

Egoera honekin ez dakit zer gertatuko den, baina Berriatauko torneoa amaitu eta Xisterakoa hasi bitarte Bakarkakoa jokatuko nuen. Hasieran ez nuen asmorik, baina ikusita ez genuela tarte horretan bestetik izango, jokatzeko asmotan nengoen.