Nahi eta ezin, hori da Madrilen zesta puntak bizi duen egoera

  • 2019-02-13

Ez dira asko, dozena erdiren bat, baina euren ustetan laguntzarekin eta babesarekin, gauza asko egin omen daitezke.

´´Urte asko daramazkigu gutxi batzuk hemen Madrilen zestan jokatzen, baina ez daukagu klubik, ez eta ezer ere. Une honetan frontoi luze bakarra dago Complutense. Lehenago La Elipa ere horrela zen, baina orain 36 metrora pasatu dute´´, dio zestan ari den, eta aurrera jarraitu dezan lanean ari den Enrique Arribasek.

´´Egia esan hemen ez daukagu inongo babesik, inork ez digu laguntzen. Federazioak beti beste aldera begiratu izan du. Eskatu izan dugu klub bat sortzeko, baina nahiko jende ez gaudela esan izan dute beti. Horrela da, baina jende bila hasiko balira egon seguru topatuko genukeela. Madrilen unibertsitate asko daude, eta hor gazteengana joanez gero, seguru jende asko topatuko luketela. Baina ez daukate interesik´´, eransten du Arribasek.

Enriquek garbi dauka, madrildarrek zesta punta ongi hartuko luketela. ´´Madril edukita dago zestako 10-12 frontoi, eta egunero jaialdiak eskainiz, eta esaten dutenez, denak beteta egoten ziren. Orain orduan baino hiru eta lau aldiz jende gehiago bizi da eta uste dut gutxienez frontoi batentzat lekua badagoela´´, dio.

´´Orain dela 15 bat urte San Isidroetan profesionalen jaialdia antolatu zuten, orduko onenetakoekin, eta La Elipako harmailak leporaino bete ziren. Orain udazkenean egiten dute, baina ez da horrenbeste jende izaten, baina publizitate askorik ere ez dute egiten, eta horrela zaila da jendeak erantzutea´´, eransten du Enriquek.

Une honetan, ongi pasatzeko erabiltzen dute zesta, eta kirol honi eusteko ere bai. ´´Taldetxo txiki bat gaude entrenatzeko, eta Toledotik etortzen da mutiko bat bere aitarekin.  Gaztetxo horrek etorkizun handia dauka, baina bakarrik dago, horrek erakusten du hemen eskola baten beharra dagoela. Aitak laguntzen dio, eta aitak berak ere jokatzen du. Azken batean honi eusteko balio digu´´, erantzuten du Enriquek.

Etorkizuna, berriz, oso iluna ikusten dute. ´´Gauzak dauden bezala etorkizun iluna dago. Orain ari garenak bagoaz urteetan aurrera eta utzitakoan akabo. Toledoko mutiko horrek balio du, eta horrekin akaso, baina egoera honetan oso zaila da etorkizuna ikustea. Guk makina bat lan egin dugu honek aurrera egiteko, baina ez dugu erantzun onik jaso, eta aurrera begira ere ez dut erreza ikusten´´, esaten du Enriquek.

Hala ere gutxi horiek jarraitzen duten bitartean, beti egongo da argi izpiren bat eta gutxienez Espainiako hiriburuan ere zestak, larri baldin bada ere, bizirik jarraituko du.