Mutrikuk hartuko ditu Xistera Ugarein zirkuituko finalerdiak

  • 2018-12-11

Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak hartuko ditu larunbatean 18.00etatik aurrera Xistera UGAREIN zirkuituko finalerdiak. Emakumezkoak, eta gizonezkoak, gazte eta maila nagusian, hiru kiniela izango dira 25 tantora, eta lehenengo geratzen den bikoteak bakarrik lortuko du finalerako txartela.

Izan ere, zirkuitoko aurrelaririk eta atzelaririk onenak finalerako txartela lortua dute. Bigarrenak, hirugarrenak eta laugarrenak orain finalerdiak jokatu beharko dituzte final horretan izateko asmo eta helburuarekin.

Gizonezkoen gazte mailakoak ekingo dio jaialdiari. Agirre-Mandiola, Perez Aratz Goixerri eta Berge- Olazagasti izango dira aurrez aurre. Agirre eta Mandiola izan dira bigaren sailkatu diren pilotariak, eta horri begiratuta, agian eurak izan daitezke faborito, baina kiniela batean edozer gerta daiteke.

Ondoren emakumezkoen txanda izango da. Ortiz de Mendibil-Lizardi, Jauregi-Calvo eta Landa-Arriola lehiatuko dira. Gazte mailakoan bezalaxe, hemen ere sailkapenari begiratuta, Ortiz de Mendibil eta Lizardi atera daitezke faborito moduan, baina 25 tantora da kiniela, eta hor garbi dago hutsik gutxien egiten dituenak izango dituela aukerarik gehien.

Azkenik, gizonezkoen maila nagusikoak izango dra. Hor, Aaron-Ibarluzea, Ekaitz Goixerri-Mikel Elkorobarrutia eta Barinagarementeria-Aitor Elkorobarrutia izango dira. Hemen, nahiz eta hirugarren geratu, Goixerri eta Mikel Elkorobarrutia izan daitezke faborito. Aurrelari mutrikuarra sekulako boladan dago, joko ikaragarriarekin, eta baita bere lagun izango duen Mikel ere. Kanporaketa honetan Elkorobarrutia anaien arteko dema ere izango da.

Jadanik, abenduaren 22an Markina-Xemeinen jokatuko den finalean daude, berriz, Aldazabal-Arbe, nesketan, Antxon-Manci, mutilen maila nagusian, eta Galletebeitia-Iturralde, mutilen gazte mailan.