Mexikon bizitakoak askotarako balio izan zidan

  • 2019-02-20

19 urte besterik ez ditu Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarrak. Denboraldi bikaina egin du aurten Xisterako Ugarein Zirkuituan, baina oraindik oso gaztea izan arren, jadanik badaki  zer den profesionala izatea, Mexikon aritu baitzen orain dela bi urte, 17 urte besterik ez zituela.

´´20 urtetik gora itxita egon ostean zabaldu zuten Mexikoko pilotalekua. Nik 17 urte nituen baina bertara joateko deia egin zidaten eta ez nuen gehiegi pentsatu. Denboraldia lau hilabeterako zen, eta han pasatu nuen pilotalekuaren lehen denboraldia´´, dio Aaronek.

Hango bizitzara ohitzea nahikoa kosta omen zitzaion hasieran. ´´Hasteko, pilotalekura ohitzea kostatu zitzaidan, oso handia baita, 64 metrokoa. Gero, hango bizitzara ere bai. Lehen bi hilabete nahiko luzeak egin zitzaizkidan, baina ondorengo biak nahiko azkar joan ziren´´, esaten du arabarrak.

´´Azken batean asteko lau egunetan ziren partidak, eta bakoitzak bi jokatzen genituen. Horixe zen aste guztiko egin beharra. Entrenatzeko ere arazo asko genituen, beraz, astean bi partida jokatu eta akabo. Eta ni besteak baino askoz ere gazteago nintzenez, ordu asko pasatzen nituen etxean´´, eransten du.

Handik aurrera etxean jokatzen jarraitzen du. ´´Orain partida asko ari naiz jokatzen, eta Xisterak eman digun ekarpena ere ikaragarria da. Askoz ere partida gehiago jokatzen ditugu, neurketa oso onak, eta normalean jokatuko ez genuen pilotarien aurka ere bai´´, adierazten du Aaaronek.

Izan ere, Xisterarekin oso gustura dago. ´´Lehiaketa handiak ari gara jokatzen, eta lagun berriak egiten ere bai, pilotariak elkar ezagutzen, azkenean dena hartu behar da kontuan, eta Xisterak bizia eman digu, hori horrela da´´, esaten du.

Egin duen denboraldiarekin ere oso gustura dago, baina baditu baina batzuk ere. ´´Orokorrean denboraldi ona izan da, eta Interjain sartu naiz, hori zen lehenengo helburua. Gero, uste dut unerik garrantzitsuenetan ez dudala asmatu. Torneo bakarra irabazi dut, baina gehiago irabazteko aukerak ere izan ditut. Zirkuituko finalerdietan ere izan nintzen, baina ez nuen lortu finalean izatea. Momentu garrantzitsu horietan ez dudala asmatu uste dut. Orain hurrengo denboraldirako akats horiek konpontzen saiatu behar dugu´´, dio gasteiztarrak.

Etorkizunari buruz, berriro ere profesional izateko aukera horiei eusten die. ´´Helburua hori da, berriro ere profesional izatea. Oraindik 19 urte besterik ez ditut, eta uste dut hobetzen joateko tartea badaukadala. Hori da nire asmoa, hobetzen jarraitu, lanean segi, eta garaia iristen bada, berriro ere baliatu profesional izateko aukera´´, deritzo.

Izan ere garbi dauka berriro ere 17 urte izango balitu, eta Mexikora joateko aukera etorriko balitzaio, ez lukeela atzera egingo. ´´Garbi daukat hartu nuen erabakia izan zela onena. Berriro ere 17 urte izango banitu eta Mexikoko aukera etorriko balitz, berriro ere aurrera egingo nuke. Egindakoarekin ez daukat inongo damurik´´, esaten du Gonzalez de Mataucok.