Markina-Xemeinek eta Berriatuak hartuko dituzte Xistera zirkuituko jardunaldiak

  • 2019-07-17

Jardunaldi hirukoitza izango da asteburu honetan Mutilen Xistera zirkuituan. Markina-Xemein eta Berriatua izango dira ekitaldi guzti horiek hartuko dituztenak, eta gehienak, berriz, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jokatuko dira. Ostiralean 19.00etatik aurrera Lehen eta Bigarren Mailako kinielak jokatuko dira. Bigarren mailakoak hasiko dira, ondoren maila nagusikoekin jarraitzeko. 15 tantotako bina kiniela jokatuko dira maila bakoitzean.

Larunbatean ere Xisterako Mutilen zirkuituak Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jarraituko du, han jokatuko baitute bai Hirugarren Mailakoek, eta baita Kadete Mailakoek ere. Azken hauek ekingo diote jardunaldiari, 14.30tan, eta Hirugarren Mailakoek jarraituko dute 16.00etan. Kadeteek 15 tantotara bi kiniela jokatuko dituzte, eta Hirugarren Mailakoek, berriz, bost kiniela jokatuko dituzte, 10 tantotara.

Mutilen Xistera Zirkuituak asteburuari amaiera Berriatuako Mendibarren pilotalekuan emango dio, han jokatuko baitira Lehen eta Bigarren mailako kinielak, bi jokatuko dira maila bakoitzean, eta 15 tantora jokatuko dira aipaturiko kinielak. Mutilen hiru maila nagusietan bigarren faseko bigarren eta hirugarren jardunaldiak jokatuko dira, eta kadeteen kasuan, berriz, euren bigarren jardunaldia izango da.

Elorrioren Oroimenezko finalak

Larunbat betea izango dute Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan, 19.00etatik aurrera Elorrioren Oroimenezko finalak jokatuko baitira. Gazte mailan, Arakistain eta Oier, Zelaiaren eta Basterretxearen aurka neurtuko dira. Bigarren Mailan, Aaron eta Atain II.a arituko dira, Alex Goitiandiaren eta Danel Mandiolaren aurka, eta maila nagusikoan, berriz, Hormatxea eta Ibarluzea, Cosmeren eta Manciren aurka. Hormaetxearekin batera, Etxebarrietak jokatu behar zuen finala, baina azken hau Ameriketako Estatu Batuetan da une honetan, eta bere ordez Ibarluzea arituko da.