Logroñok berriro ere zesta punta eduki nahi du

  • 2018-10-31

Logroñok berriro ere zesta punta nahi du bere artean. Lehen izan zuen, bi etapa ezberdinetan, baina azkeneko urte hauetan ez du ezer izan, nahiz eta horretarako primerako instalazioak dituen. Berriro ere gogotsu eta zerbait egin nahian dabiltza. Palentziaren kasuan bezala, aurreneko bi ahaleginetan ez zuen erabat itsasterik lortu, ea hirugarrengoan lortzen duen.

´´Zesta puntako udal eskola izan zen aurrenekoa. Las Gaunas pilotalekua eraiki zuten 70. hamarkadaren erdialdera, eta orduan abiatu zen. Pilotalekuak 52 metro ditu, eta erantzun ona izan zuen´´, dio Jesus Blascok, puntista ohiak, eta Errioxako hiriburuan berriro zesta izan dadin lanean ari denak.

Gonzalo Barinagarementeria izan omen zen aurreneko eskolako sortzailea, eta beraren ostean, Manzanos, Medina, Bengoa eta Urrutikoetxea anaiak izan omen ziren Errioxako hiriburuko eskola gidatu zutenak. Garai hartan, gainera, pilotari onak ere atera omen ziren, besteak beste Zabalza, profesionala bihurtu eta Ameriketako Estatu Batuetara joan zena.

Zabalza bera eta Urrutikoetxea II.a Bartzelonako Joku Olinpikoetan izatetik gertu ere izan omen ziren, baina ez zuten lortu. Zestak bere unerik onenak bizi izan omen zituen Logroñon, baina apurka-apurka beheruntz joan zen, eta 90. Hamarkadaren erdialdera desagertu zen.

Hala ere, berehala izan omen zuen berriro ere irekiera, Jesus Blascok dionez. ´´Nik uste dut itxi eta oso urte gutxira zabaldu genuela eskola berria, eta baita klub berria ere, Logroño Jai Alai izenarekin. Gogoan daukat Manuel Gamarra izan zela aurreneko presidentea. Aurreko eskolan ibilitako batzuk geunden klub honetan eta tartean zen baita ere Aitor Manzisidor, profesional ohia´´, dio Blascok.

Hala ere, proiektu berri honek ez zuen luzaroan iraun. ´´Espainiako Txapelketak jokatzen genituen klub bezala, eta federazio bezala, berriz, GRAVNI. Guk jokatu egin nahi genuen, eta orain ikusita konturatzen zara orduan baino partida gehiago daudela´´, dio Jesusek.

Palentzian gertatu zen bezalaxe, hemen ere barne arazoak izan ziren, eta hor amaitu zen proiektua. ´´Barruan arazo batzuk izan genituen, eta amaiera eman zitzaion asmoari. Pena izan zen, baina horrelaxe gertatu zen´´, dio Blascok.

Orain, ordea, berriro ere abian jarriko lukete. ´´Nik uste dut momentu egokia dela abian jartzeko. Dagoen federazioak ere uste dut bere laguntza emango lukela, eta ni gogoz nago, eta uste dut lehen ibilitako batzuk ere bai. Logroñon badago afizioa, edo bazegoen, eta hori berreskuratu beharko da, eta pentsatzen dut ona litzatekela´´, esaten du.

Horretarako kirol instalazioak ere onak dituzte. ´´Une honetan bi pilotaleku daude luzeak, Las Gaunas, 52 metrokoa, frontoi bikaina da, eta Titin III.a, hau 54koa. Alde horretatik ez dago arazorik, eta uste dut baliatu behar ditugula. Lehen kirol instalazio berri bat egiten zenean hura bultzatzen zen, eta Las Gaunas egin zutenean zestako eta palako eskolak sortu ziren. Orain ez da horrela bultzatzen, eta askotan instalazio horiek hutsik ikusten dira. Uste dugu Logroñon zestak badaukala lekua eta hori baliatu nahiko genuke´´, dio Blascok.

Logroñon oraindik txinparta txikiak jarraitzen dute, eta haiei haize apur bat emanez gero, seguru berriro ere sua indartuko litzatekela. Jesus Blasco gogoz dago, berriro ere kluba abian jartzeko, eta duen gogo eta ilusioarekin, seguru berriro ere zestak bere lekua izango duela Errioxako hiriburuan.