Lekeitiok badauka bere zesta puntako eskola

  • 2016-03-06
  • Lekeitioko Akarregi klubaren zesta punta eskola aurkezpen ekitaldia

Akarregiko klubaren eskutik, umeek modalitate hori praktikatzeko aukera izango dute igandero, 11:00tik 14:00etara, Xanti Brouard frontoian

Lekeitiok badauka, Akarregi klubaren barruan, sortu berri den zesta puntako eskola bat, izan ere, gaur goizean, Xanti Brouard frontoian, aurkezpen ofiziala egin da eta bertan, erakundeetako ordezkariak eta Mutrikuko eskolako umeak egon dira. Azken horiek kinieletako erakustaldi bat eskaini baitute.

Hasiera ofizial horren ostean, herriko umeek plastikozko zestaz aproba egiteko aukera ere izan dute eta, Abel Retolazak azaltzen duenez, zestarekin aproba egin nahi izanez gero, bai mutilek, baita neskek ere, igandeetan Xanti Brouard frontoira hurbiltzeko aukera badute. Han, Gaietebeitia eta Retolaza bera egongo baitira monitore moduan.

Kostaldeko herrian egindako ekitaldian, Koldo Goitia Lekeitiko alkateak “hemen zesta errekuperatu nahi dugu, hemen kirol garrantzitsua izan zen eta orain, Akarregirekin batera, modalitatea bultzatuko dugula” azpimarratu zuen.

Ibon Urreisti Xisterako presidenteak zesta puntarentzat gaurkoa egun zoriontsua dela nabarmendu du, izan ere, “Lekeition eskola bat irekitzeko aukera izan dugu. Garai hauetan, kirol eskaintza zabala dago eta ez da erraza umeak erakartzea, baina hasteko beharra geneukan, bide onetik goaz eta Udaleko eta erakundeetako laguntza izatea espero dugu”.

Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea ere egon zen Xanti Brouard frontoian, eskola berri honi babesa emanez. Bere hitzetan, “zoritxarrez, zesta punta egoera larrian dago. Hori dela eta, bultzatu nahi dugu eta denen laguntzaz aintzinako egoerara bueltatzea espero dugu. Lekeitio herri garrantzitsua da, ez bakarrik zesta praktikatzeko, udan etortzen diren bisitari guztiei ezagutzera emateko ere”.

Bukatzeko, Josu Itza, Lekeitiko Kiroletako zinegotziak dioenez “gaur, zesta ez dago indartsu Lekeition, eta pena bat da. Ea ume asko animatzen diren eta probatzen duten”.