Laurent Garcia: ´´Uste dut plaza librean laister izango garela jokatzeko moduan´´

  • 2021-04-30

Ipar Euskal Herrian oraindik pilotan profesionalak, edo eta Munduko Txapelketak prestatzen ari direnak bakarrik jokatu dezakete barruan. Gainerakoak, ordea, plaza librean ari dira entrenatzen, tartean dira Bidarteko Kostakoak taldeko pilotariak.

Martxoaren amaiera aldetik hasi gintzekeen entrenatzen eta ari gara. Orain arte, gainera, eguraldiak ere lagundu digu, eta ongi gabiltza. Hala ere, lehiaketak jokatzeko baimena ez dugu lortu, eta horren zain gaude. Badakigu, oraingoz plaza librean bakarrik egin ahalko dugula´´, esaten du Laurent Garcia arduradunak.

Pilotariak denbora luzez omen daude jokatu gabe, eta jadanik jokatzen hasteko desiatzen daudela dio. ´´Batzuk ia urtebete jokatu ezinik daude, eta luze egiten da. Entrenatzen ari dira, baina ez da gauza bera´´, esaten du.

Bidarteko pilotalekuak 36 metro besterik ez ditu, eta barruko entrenamenduen garaian batzuk Biarritzera joan behar izaten dute. ´´Gaztetxoentzat frontoi laburra ongi dago eta han aritzen gara. Besteak, berriz, Biarritzen entrenatu behar izaten dute. Kanpoan aritzeko berriz, sekulako plaza daukagu´´, dio.

Bidarteko elkarteak dirurik gehienak udan antolatzen dituzten jaialdietan lortzen dute, bizi iraupena han daukate, eta aurten ere hari begira jarrita daude. ´´Ekainaren amaieratik abuztuaren amaierara arte plaza librean jaialdiak antolatzen ditugu, eta hori da gure diru iturri nagusia. Instituzioen aldetik ez digute ezer ematen, eta babesleak ere ez ditugu asko. Hori kenduta, jarraipena zalantzan izango litzateke“, esaten du Garciak.

Hala ere, aurtengorako itxaropentsu daude. ´´Iaz zalantza gehiago genituen, baina azkenean ia normal egin ahal izan genuen udako jarduna, hori bai jende kopurua kontuan hartuta. Jende asko ibili genuen, eta guretzat oso uda ona izan zen´´, dio Garciak. ´´Aurtengorako ere gauzak berdintsu izan daitezkela pentsatzen dut, eta udako sasoina mantentzeko moduan izango garela´´, gehitzen du.

Bitartean, lanean jarriatuko dute, dituzten 100 pilotariei entrenamenduak bideratu eta ahalik eta gehien laguntzeko asmoarekin.