Lainoen tartetik argia ikusi nahi dute Durangon

  • 2018-08-02

Durangoko Elkartearentzat ez dira garairik onenak. Egoera ez da ona, baina lanean jarraitzen dute, oraingo une zailak hobetuko direnaren itxaropenarekin. Zestak beti izan du indarra, eta hori berriro agertuko denaren itxaropena ez dute galdu.

´´Une hau ez da oso ona. Oraintxe bertan, hamar ume dauzkagu 8 eta 12 urte bitartekoak, eta bost heldu. Infantiletan, kadeteetan eta gazte mailetan ez daukagu inor. Neska bat bakarra daukagu´´, esaten du Pedro Garitak, klubeko ordezkariak. Elkartea bera ere ez da gaur goizean jaiotakoa. ´´Elkartea  1989. urtean sortu zen. Aurretik ere egon zen eskola, orduan Ameriketako enpresek jartzen zuten dirua hemen eurentzat harrobia izan zedin, baina haiek desagertu eta gero sortu genuen elkartea´´, esaten du Pedrok.

Izan ere, Durangon zestak indar handia izan zuela ekartzen du gogora Garitak. ´´Agian ez zen izango Markinan edo Gernikan izan zuen eta duen indar hori, baina hemen zestak bere lekua izan du beti. Orain dela urte batzuk gazte asko ari ziren zestan, ilusioa ere handia zen, orain berriz, lan asko egin behar da umeak zestara erakartzeko´, esaten du.

Gaztetxoak kirol honetara gerturatzea horren zaila izatearen arrazoiak ere baditu Pedrok. ´´Une honetan kirola egiterako garaian aukera asko daude Durangon, ikaragarri, eta horien artean lehen ez zeuden ugari ere bai. Pilota aipatzerakoan, orain telebistan eskua ikusten da, ia dena berak eramaten du, eta umeek azken baten telebistan ikusten dutena nahi dute, eta hori eskua da. Hala ere, gu ahalegintzen ari gara eskoletara gerturatuz, baina ez dago erreza´´, dio.

Herrian zegoen afizioa ere gutxitu dela uste du Pedrok. ´´Lehen baino jende gutxiago doa Durangon zesta ikustera. Urtean zehar afizionatuentzat bi torneo antolatzen ditugu Durangon, baina jende gutxi doa ikustera. Profesionalekin ere jartzen dugu jaialdi bat, eta han ere asko ez´´, aitortzen du.

Kontuak horrela, etorkizuna ez du batere argia ikusten. ´´Gauza oso zail dago. Egia da gora begira jarrita gure garaian Ameriketara joatea zen helburua, eta orain han gauzak oso zail daude, eta hemen ere bai. Ilusio hori ere falta dela uste dut´´, esaten du.

Hor Xisteraren ekarpena oso garrantzitsua izan dela uste du. ´´Xistera etortzea oso garrantzitsua izan da, horrek afizionatu eta gazteei aukera asko zabaltzen dizkielako. Torneo gehiago jokatzeko aukera dute, eta goi mailakoak gainera. Gaur egun profesionala izatea oso zaila da, eta Xisterak aukera handi bat ematen du, eta gazteek ere, hori behar dute´´, dio Pedrok.

Durangoko oraingo egoera oso ona ez bada ere, izan dira profesional ugari, tartean Garita bera eta baita bere semeak ere. Orain lanean jarraitzen dute, eta zailtasunak zailtasun, eta etorkizuna oso argi ikusi ez arren, itxaropena ez dute behin ere galdu, eta zesta ikasi eta zestaz gozatu nahi duten guztientzat ateak zabalik dituzte, eta gusto handiz jarraituko dute lantegi horretan.