Kadeteek Xisterarekin lehen denboraldia osatu dute

  • 2020-03-27

Mutil kadeteek lehen denboraldia osatu dute Xisterarekin. Askorentzat aurreneko txapelketa handia izan da, eta bizipen berri bat ere bai, eta denek oso baikor hitz egin dute, gazte hauentzat amaitu berri den denboraldian gauza berri asko izan baidituzte bizitzeko.

´´Hasiera ez zen erraza izan, elkarte asko ez zirelako asko inplikatzen, eta izen ematea askok ez zutelako egiten, baina apurka-apurka denak hobera egin du eta uste dut oso lehiaketa ona izan dela eta bukaera bikaina izan du´´, adierazi du Ruben Laquidaniek, Xisterako kidea eta kadeteen lehiaketako arduradunak.

Laquidainek onartzen du, jaialdiez gain, bizi izan dutena pilotarientzako oso aberasgarria izan dela. ´´Askok ez dituzte txapelketak jokatzen, eta hau izan da beraien aurreneko handia. Gainera, ezagutzen ez zuten jendearekin aritu dira, bikoteak aldatuz, kinielak jokatuz, normalean egiten ez dituzten gauzak eginez, eta hori oso aberasgarria izan da. Jende berria ezagutu dute, jokatzeko beste era bat, eta emaitzez gain, hori oso ona izan da´´, dio.

Rubenen esanetan, adin honetan egin behar da euren aldeko apustua. ´´Adina zaila daukate, euren bizitzan gauza asko gurutzatzen dira, eta batek baino gehiagok kirola uzteko hautua egiten du. Horregatik oso garrantzitsua da euren aldeko apustua egitea, eta eurak gustura ibilaraztea, aurrera egiteko´´, dio.

Jardunaldi hauek izan duten beste berrikuntzetako bat, pilotalekuena izan da, ohikoak ez diren baten baino gehiagotan aritu baitira. ´´Betiko pilotalekuetan izan gara, baina baita ohikoak ez diren lekuetan ere. Urrotzen edo Lazkaon esaterako, normalean ez baita zestarik izaten. Munitibarren zestan aritzen ziren, baina han aspaldian ez zen zestaz jokatu, nahiz eta lehen askotan izaten zen. Lazkaon eta Munitibarren oso giro ona izan zen, jendeak gustura hartu zituen. Urrotzen agian ez zen ordurik onena, baina ez zen han ere gaizki egon´´, dio Laquidainek. ´´Garrantzitsua da leku ezberdinetara joan eta zesta erakustea, etorkizunerako hori ere beharrezkoa da´´, eransten du.

Finala ere hunkigarria izan zen. Agirrek eta Rodriguezek irabazi zuten Zumaian. Azken honek kitarakoa hasi aurretik min hartu zuen, baina hala ere irabazi egin zuten. ´´Gaztetxo hauen maila ikusi zen, gizatasuna, eurek euren erara jarraitzen dute jokatzen, jokatzea bakarrik pentsatzen dutela. Adin horretan holakoak izaten dira, eta horrelako gauza hunkigarriak izaten dira´´, esaten du.

Ruben Laquidain jadanik hasita dago datorren denboraldiari begira. ´´Bigarrena izango da, eta gogoz gaude. Aurten izan diren batzuk adinez pasatuko dira, eta jauzia egingo dute, baina beste batzuk oraindik izan dezakete aukera eta berriak etorriko dira. Esan bezala azkeneko denboraldia oso ona izan da, eta eurak ere oso gustura geratu dira. Ondorioz mezu on hori ahoz aho ere pasatzen da, eta hori izaten da onena, jendeak jokatzeko irrika izateko. Seguru aurten dena gora joango dela, eta gu ere saiatuko gara iaz izandako hutsak zuzentzen, eta hobetzen, eta seguru oraindik iaz baino ere hobeagoa izango dela´´, aitortzen du Ruben Laquidainek.