Julen Goitiandia eta Goixerri III.a Miamin daude

  • 2020-12-07

Xisteran aritu diren pilotarien artean Ameriketako Estatu Batuetara jauzia egin duten azkeneko bi pilotariak Aratz Mendizabal Goixerri III.a eta Julen Goitiandia izan dira. Horrela azkeneko bi urte hauetan sei dira Xisteran aritu direnen artean itsasoa gurutztau dutenak.

Ekaitz Mendizabal Goixerri II.a, Alex Goitiandia, Sorozabal anaiak, eta orain aipaturiko bi pilotariak. Markina-Xemeingoa Goitia, Mutrikukoa Goixerri, jadanik hasi dira Miamin jokatzen, eta bertan arituko dira datozen bi hilabete hauetan.

“Esperientzi berri bat da hau guretzat. Bi hilabeterako etorri gara, eta uste dut asko ikasiko dugula´´, dio Aratzek. ´´Goi mailako jendearekin ari gara jokatzen, eta helburua haien ondoan ikastea da, eta gure mailan ondo aritzea´´, eransten du mutrikuarrak.

Frontoia ere bikaina dela esaten du. ´´Frontoia bikaina da, uste baino hobea. Gustura aritzeko modukoa´´, dio. Bai Miamin, eta handik gertu dagoen Danian ere, euskal pilotari asko daude, eta horrek bidea errazten diela onartzen du Aratzek. ´´Elkarrekin ibilitako mordo bat gaude, eta horrek bidea errazten du. Nire anaia Danian ari da, eta berarekin bizi naiz. Horrela gauzak errazago egiten dira´´, dio.

Ez bizkaitarrak ez eta gipuzkoarrak ere, ez dakite etorkizunak zer emango dien, baina datozen bi hilabeteetan euren gustuko kirolaz gozatzeko eta bizitzeko modua izango dute.