Izandakoa berreskuratzeko ametsak bizirik jarraitzen du

  • 2019-04-08

Zesta puntak Estatu espainiarreko punta ezberdinetan izan zuen indarra, nahiz eta leku batzuetan hori galduta dagoen. Hala ere izandakoa berreskuratzeko ametsak bizirik jarraitzen du, eta erreportai honetan horietako hiru aipatu nahi ditugu.

Segovian, Navas de Asuncion herrian, 1980. urtean estreinatu zuten 54 metroko pilotalekua, eta handikiro, gainera, kluben arteko Europako Txapelketa jokatu baitzen bertan. Ondorengo urteetan erantzun bikaina izan zuen bertako jendearen aldetik, zestako eskola ere izan baitzen, eta herriko gaztetxo eta gazte gehienek probatu zuten zesta.

Beroaldi hura, ordea, hozten joan zen, eta apurka-apurka eskubaloiak sekulako indarra hartu zuen, eta gazte eta gaztetxo gehienek bide hori hartu zuten. Pilotalekuak ere beste kiroletako erabilpena hartu zuen, eta zesta desagertuz joan zen, erabat desagertu arte.

Orain, ordea, kiroldegi berria egin dute, eta pilotalekua pilotarako bakarrik geratu da. Horrek berriro ere itxaropena piztu du, nahiz eta horretarako lan asko egin beharko den.

Navas de Asuncionen jokatu zen Europako Txapelketa hartan izan zen baita ere Xixongo taldea. Covadonga taldeak hainbat kirol izan ditu bere barnean, eta horietako bat zesta punta zen. Indarra izan zuen, baina  apurka-apurka palak tartea jan egin zion, eta une honetan han ere puntistak falta dira.

Eta Estatu espainiarreko beste puntan, Huelvan, Palos de la Frontera herrian, baziren puntistak, eta baita zestako eskola ere. Frontoi eder bat badute, baina une honetan ez dago zestako eskolarik. Arazoa betikoa da, izan ere bakarrik egoteak ez du batere laguntzen, eta kanpotik jasotako laguntzak ere oso urriak izan dira, eta azkenean amore eman behar izan dute.

Hala ere, hiru herri hauetan ez dute ahaztu zesta izan zela, eta aztarnak oraindik oso beroak daudenez, agian urte asko baino lehen, eta norbaitek bultzadaren bat ematen baldin badie, berriro ere zestaz gozatzeko aukera izan dezakete.