Izana berreskuratzeko ahaleginean ari da Maule

  • 2018-03-27

Mauleko Sam taldea Xisterako kide berrietakoa da. Zuberoako hiriburuko kluba izana berreskuratzeko ahaleginean ari da jo eta su. Mauleko zestako taldea 1975. urtean sortu zen, bertan pilotaleku luzea egin zutenean. ´´World Jai Alaiko kideak etorri ziren, hango profesionalentzako harrobia sortzeko asmoarekin, eta egia esan hemengo klubak sekulako indarra hartu zuen´´, gogoratzen du klubeko kidea den Christian Tancok.

´´Samen lehendik bazegoen pilota, baina ez zesta. Ordurarte eskuz jokatzeak zuen indarra bai hemen, eta baita Zuberoa osoan ere. Zesta, ordea, indarrarekin iritsi zen, eta ni bezalaxe asko izan ginen eskuzkoa utzi eta zestara pasatu ginenak. Francisco Aranbarri, Debakoa, izan zen hemengo entrenatzailea, eta berak sekulako lana egin zuen Maulen´´, dio Tancok. ´´Profesionaletara ere pasatakoak mordoa izan ziren, eta horrek gazte asko erakartzen zituen. Garai hartan, gainera, kirola egiterakoan ez zegoen gaur hainbat aukera, eta uste dut denak eragin zuela´´, eransten du.

80.hamarkada ere oso ona izan omen zen Zuberoako hiriburuan. ´´1980-1985 tarteko urte horietan gazteak sekulako emana izan zuen, eta haiek izango ziren zestak hemen izan dituen urterik onenak. Gero, emeki-emeki beherako bidean hasi zen´´, oroitarazten du klubeko ordezkariak.

Tancok garbi dauka noiz iritsi zen beherakada. ´´World Jai Alaik utzi zuenean hau behera hasi zen. Gero kontuan hartu behar da beste kirol batzuk ere suspertzen hasi zirela, eta jendeak beste joera batzuk hartu zituela´´, dio.

Une honetan 15 lizentzia dituzte zestan Sam taldean. Berriro ere Zuberoako hiriburuan esku pilota nagusitu da. ´´Hemen Zuberoa osoko jendea dago, eta baita zestan ere. Une honetan berriro ere izana berreskuratu nahi dugu, eta horretan ari gara lanean. Eskuz jokatzen jende asko ari da, eta eurengana ere jo dugu. Ea apurka-apurka berriro ere goruntzako bidea hartzen dugun´´, esaten du Christianek.

Kontua, ordea, ez omen da pilotarien gutxitzea bakarrik, zaleak ere asko gutxitu omen dira. ´´Udan profesionalen lehiaketak izaten dira, eta garairik onenetan 1.000 ikusle inguru batzen ziren partidak ikusteko, eta gaur egun 200 edo 300, ez da gehiago. Garbi dago hor ere beherakada bat izan dela, eta dena daukagu berrriro ere berreskuratzeko. Lantegi horretan ari gara, eta saiatuko gara helburuak lortzen´´, esaten du Tancok.

Bide horretan aurrera egiteko Xisteraren ekarpena oso ona dela dio. ´´Xisteraren proiektuaren berri izan bezain laister esan genion baietz. Hemen ez Federazioak, ez eta Ligak ere ez du ezer egiten zestak aurrera egiteko, eta horiez gain beste zerbait beharrezkoa zen, bestela beheraka joango zen.´´, dio Mauleko ordezkariak. ´´Zuberoa dagoen lekuan dago, eta kilometro asko egin behar dira partida bat jokatzeko, eta askotan 20 minutu besterik ez jokatzeko, beraz, zaila da jendea erakartzea, ez dira jokalariak bakarrik erakarri behar, baita gurasoak ere´´, eransten du Tancok.

Horregatik, Xisterak beste ilusio bat ekarri duela dio zuberotarren ordezkariak. ´´Xisterarekin pilotariek torneo gehiago jokatzeko aukera izango dute, eta maila oso handikoak gainera. Betiko pilotarien kontra aritzeaz gain, beste batzuen kontra ere jokatuko dute, eta hori beti hobetzeko da. Gainera, beste leku bateko lagun bat izatea ere oso aberasgarria da. Nik uste dut hemen baditugula oso maila ona duten pilotariak, eta haiek horrelako torneoak behar dituzte. Gainera, Xisterak klub guztiak batu gaitu, eta hori ere oso ona da, denok batera askoz ere gehiago egiteko aukera izango baitugu´´, dio Tancok.

Une honetan Ithurria edo Eiheregarai dira zuberotarren erreferentzia, baina lehen izan ziren askoz ere gehiago. Mauleko Sam elkartean lanean ari dira, berriro ere zestara gazteak erakartzeko, eta aukera berri bat emateko. Tancok dion bezala, aurrena kirol honetaz gozatu egin behar dute, gero etorriko dira etorri beharrekoak.

´´Ez dugu ahaztu behar Zuberoa osoan 15.000 lagun besterik ez direla bizi, eta une honetan errugbiaz eta esku pilotaz gain, futbolak, eskubaloiak edo saskibaloiak ere indar handia dutela. Hala ere, pentsatzen dugu lana ongi eginez, zestak ere bere lekua izan dezakela, eta horretan ari gara ilusio guztiarekin´´, esaten du Tancok.