Itxaropentsu ikusten dute etorkizuna Noainen

  • 2018-05-09

Noain Jai Alai da Noaingo zestako kluba, eta Nafarroan daudenen artean zaharrena ere bera da. Hauek ere une hobeagoak eta okerragoak ere bizi izan dituzte, baina orain daukatenarekin oso gustura daude bertako agintariak, eta etorkizunari begira oso itxaropentsu agertzen dira.
Eskola 1978. urtean sortu zen, eta Jose Inazio Lertxundi profesional ohia izan zen lehenengo maisua. Ameriketatik etorri eta Bridgesport frontoiko eskola bezala zabaldu omen zen. Horrela aritu zen lanean gipuzkoarra 1983. urterarte.

´´Elkarteak bere gorabeherak izan ditu, baina une honetan gauden bezala ongi gaudela aitortu behar dugu´´, esaten du klubeko ordezkaria den Ruben Lakidainek. Izan ere zestan aritzeko aukera ematen duen herria da Noain, eta horrek ere gauzak asko errazten ditu. Frontoi luzea badute, eta baita laburra ere. Alde horretatik ez daukate inongo aitzakirik.

´´Une honetan 40 ume dauzkagu eskolan, denak mutilak, eta etorkizunari begira itxaropentsu egon beharra daukagu. Denera 50 lizentzia inguru izango ditugu, eta gaur egun leku askotan gauzak nola dauden ikusita, ez gaude kexatzeko moduan´´, esaten du Rubenek. Hori, bai, lan asko egiten jarraitu beharra daukatela ere onartzen du. ´´40 ume ditugu, baina ez daukagu neska bakar bat ere, eta hor jarraitu behar dugu lanean, ea animatzen ditugun. Gero, benjaminak, alebinak eta infantilak ongi dauzkagu, baina hortik seniorrak arte ez daukagu ezer. Bi mailetan hutsune bat daukagu, eta hori ere bete behar dugu. Dauzkagun umeei eutsi eta gehiago erakarri behar ditugu, maila guztietan jendea eduki ahal izateko´´, esaten du Lakidainek.

Pilotariez gain, Rubenen esanetan, bertako afizioa ere berriro esnatzea lortu omen dute. ´´Noainen afizioa egon da, baina azkeneko urte hauetan beherakada bat sumatu genuen. Orain berriro ere hori berreskuratzen ari gara, eta hori ere oso pozgarria da. Lehen ibilitako ugari ikusten dira orain frontoian partidak daudenean, edo umeen guraso eta aiton-amonak ere bai. Uste dut afizioa asko berreskuratu dugula, eta hori ere etorkizunari begira, oso garrantzitsua da´´, deritzo.

Xisteraren ekarpena ere oso baliagarria dela onartzen du. ´´Xisterak asko lagundu du, bai handienekin eta baita txikienekin ere. Avia Torneoa oso garrantzitsua dela uste dut, pilotariei aukera asko zabaltzen dizkielako, baina txikiekin egiten den kanpusari ere garrantzi handia eman behar zaio. Umeei elkar ezagutzeko balio die, eta asteburu horrek sekulako garrantzia dauka eurentzako. Ume asko jadanik aurtengoaren zain daude, eta ilusio hori mantentzea beharrezkoa da´´, esaten du.

Noainek ere profesionalak izan ditu, eta dezente, gainera, bere unerik oparenean, eta oraindik ere baditu. ´´Hemen, beste leku askotan bezalaxe, eskola sortu zenetik 90. hamarkadara arte izan zuen indarrik handiena. Orduan jende asko pasatzen zen profesionaletara, eta hemen ere pasatu ziren. Behin hori gutxitu zenean, leku guztietan bezalaxe, hemen ere jaitsi zen, baina lehen esan bezala, orain gorako bidean goaz. Une honetan hemendik irtendako bi profesional ditugu; Iturbide eta Bailo, eta hori ere polita da hemengo umetxoentzako, erreferentzia bezala balio baidute´´, dio Rubenek.

Noainek herriko jendearekin egiten du lan, eta hori ere oso ona da, kanpora joan beharrik ez baidute eskolarako jendea topatzeko. ´´Une honetan klubean gauden guztion artean bakarra da Noaindik kanpokoa, beste guztiak herrikoak dira, eta hori ere oso polita da. Ez du esan nahi kanpoko jendeak etorri nahiko balu ateak itxiko genizkiokenik, ezta gutxiago ere, baina oraingoz herritarrekin ari gara lanean´´, dio Lakidainek. Garbi dago, beraz, Noainen lanenan ilusioz jarraituko dutela, itxaropenaren argia ederki sartzen baita bertako pilotalekuan, nahiz eta oraindik indartzen jarraitzeko lanean segi beharko duten.