Itxaropenerako ateak zabaldu ditu Maulek

  • 2020-11-20

Zuberoa herrialde txikia da, 15.000 biztanle besterik ez ditu, eta horietako 3.000 bizi dira hiriburuan, Maulen. Bertako elkartea lanean gogor ari da, eta itxaropenerako ateak zabalduta daudela diote.

´´Aurten 10 urte inguruko lau gaztetxo hasi dira, eta hori berri oso ona da, azkenaldian ez zelako horrelakorik gertatzen. Orain gainera, gaitza dela-eta, egoera nahiko zailean gabiltza denok, baina uste dut berri oso ona dela´´, esaten du Tancok, klubeko arduradunak. ´´Gaitza baretzeko zai gaude. Akordio bat lortuta dugu, eta eskolaz eskola joango gara gazteei gure kirola erakusten eta ezagutzera ematen. Hortik etorri behar dute emaitzak´´. Gehitzen du.

Ilusioa dute Mauleko pilotalekuan, izan ere, Kevin Ithurriak etxerako bidea hartuko baitu baita ere. ´´Danian ari da jokazten, baina hemen lan bat atera zaio, eta etxera etortzeko erabakia hartu du. Hemengo gazteen erreferentzia da, eta uste dut oso garrantzitsua izango dela gure klubean´´, esaten du Tancok.

Maulek bere elkartean etorkizun handiko pilotariak ditu. Oyhenard, Jouantegi, edo Ourthe esaterako, denak aritzen dira Xisterako Txapelketan. ´´Gazteak dira eta maila oso ona dute, eta garrantzitsua dena, gogoa ere bai. Ikasketak egiten edo lanean ari dira, eta ez da erreza denak uztartzea, baina maila oso ona lortu dezakete. Etxekopar ere badugu, oso ona, baina Marseilan ari da lanean, eta zail du zestan jarraitzea, nahiz eta oso gustuko duen´´, esaten du Tancok.

Herrialde txikia izanik, lan asko egin behar dute pilotari berriak topatzerako garaian. ´´Beste kirolekin lehiatu behar dugu. Errugbia eta futbola oso indartsuak dira Maulen. Eskubaloia Atharratzen, edo saskibaloia Gotainen. Azken batean herrialde txika izanik herri ezberdinetako jendea batzen da denetan. Guzti horiekin borrokatu behar dugu, baina batez ere esku pilotarekin. Pilotan hasten diren ume asko eta asko eskura doaz, eta guk guregana erakartzen saiatu behar dugu´´, dio.

Hala ere, etorkizunari irribarre batekin begiratu nahi dio. ´´Egia da egoerak hobera egin duela, baina ez da nahikoa. Badakit lehen izan genunetik oso aparte gabiltzala, eta agian hura berreskuratzea ezinezkoa izango dela, baina hobetzen jarraitu behar dugu, eta horrela jarraitu behar dugu lanean”. esaten du Tancok.