Iparraldeko pilotariak, etxean nabarmentzeko asmoz

  • 2016-08-26
  • Imagen de la semifinal disputada el domingo en Andoain

Zirkuituan daukaten bolada onari eusten saiatuko dira bihar Donibane Lohizunen (18:00etan)

Iparraldeko pilotariak Xistera Zirkuituan daukaten bolada onari eusten saiatuko dira bihar Donibane Lohizunen (18:00etan), izan ere, Durangon izan ezik, beste herri guztietan hango puntista bat egon da gutxienez finaletako jardunaldian.

Gauzak hala, Zirkuitua lehenbiziko aldiz Lapurdira heltzen denez, etxekoek aukera ezin hobea dute Campos Berri bezalako frontoi batean bere publikoaren aurrean nabarmentzeko. Hala ere, lana ez da erraza izango, haien kontra goi-mailako pilotariak arituko direlako eta, kasu batzuetan, Antxon Alberdirena, esaterako, udako hirugarren tituluaren bila aterako dira kantxara.

Baptiste Godwyn, Ludovik Laduche eta Aitor Andonegirentzat ere jaialdi berezia izango da biharkoa, Nafarroako Cabanillas herrian abuztuaren 6 eta 7an ospatutako azken torneoa irabazi ostean, orain bere bigarren garaipen jarraian lortu nahiko dutelako. Alonso ere atera zen garaile aipatutako hitzorduan, baina bihar atseden eguna izango du.

Ohikoa denez, biharko gazte eta nagusi mailako finalerdiak kiniela erara jokatuko dira hamabost tantora eta lehen bi sailkatuak finaletan sartuko dira. Hauek irailaren 2an, ostiralean, jokatuko dira (20:30rean) eta egun horretan bertan fibrosi kistikoa daukaten umeak laguntzeko dirua bilduko da.