Ipar Euskal Herrian hasi dira kanpoko entrenamenduekin

  • 2021-03-26

Gaitzaren kontua larria izaten ari da leku guztietan, eta horrek kirolari ere eragin handia egin dio, eta nola ez, baita zestari ere. Ipar Euskal Herrian profesionalak ez direnak, gainerako kiroletan bezalaxe, geldirik daude, nahiz eta orain kanpoan entrenatzeko aukera izan duten.

´´Zestan profesionalak eta munduko Txapelketarako prestatzen ari direnekin lehiketa ireki bat egin dute, eta hori da barruan jokatu den lehiaketa bakarra´´, esaten du Asier Uribek, Donibane Lohizuneko Luzean Elkarteko eta Xisterako kidea denak.

´´Udan jokatu ahal izan ziren lehiaketak, eta gero gauzak isten joan ziren eta Gabonak arte 18 urtez azpikoak joan ziren jokatzen. Gero dena itxi zuten, eta barruan ezin da kirolik egin´´, eransten du. Hala ere, gauzak hobetzen hasita daudela esaten du. ´´Une honetan kanpoan entrenatu dezakegu, eta hasita gaude plaza librean entrenatzen. Ez dakigu plaza libreko lehiaketak jokatzen noiz utziko diguten, baina jadanik prestatuta dauzkagu´´, dio.

Izan ere, gauzak dauden moduan, Uribek ez du uste barruko lehiaketak udazkenerarte hasiko direnik. ´´Profesionalak bai, eta pentsatzen dut udako Donibane Lohizuneko eta Biarritzeko lehiaketak betiko moduan egingo direla, baina ez dut uste afizionatuei utziko zaienik. Ondorioz, udazkenera arte, ez dugu uste hasiko garenik´´, dio.

Ipar Euskal Herrikoen egorea bera ari dira bizitzen bai Pauen, Bordelen edo eta Hossegorren ere. Oraingoz pilotariak kanpoan entrenatu ahal dezakete, eta ez da gutxi, azken batean zestan aritzen diren guztiak edo gehienak jokatzen baidute plaza librean ere.

´´Hemen gaitzaren aldetik ez gaude gaizki, baina azken batean hartzen diren erabakiak Estatu frantses osorako hartzen dira, eta denei eragiten digute. Denbora asko egon dira pilotariak entrenatu ezinik, eta orain gutxienez kanpoan entrenatu dezakete, eta espero dezagun jokatu ere egin ahal izatea´´, esaten du Asier Uribek.