Instituzioen gogo faltak zesta puntarik gabe utzi du Palos de la Frontera

  • 2019-04-25

Huelvako Palos de la Fronterak indar handia izan zuen zesta punta arloan, pilotari profesionalak ere eman zituen, baina garbi esan da, instituzioen utzikeriak eta gogo faltak, kirol hau eta gainerako pilotako jokamoldeak jokatzeko lekurik gabe geratu ziren, eta ondorioz desagertu egin dira.

´´Arazoa orain dela urte batzuk hasi zen zen. Hemen haizeteak izan ziren, eta pilotalekua oso kaltetuta geratu zen. Erabiltzeko moduan ez zen geratu eta 8 urte itxita egon zen. Guk berriro ere lehengo moduan geratuko zela uste genuen, baina Udalak lurra aldatu zion, eta sarea eta sarea jartzekoak kendu eta kiroldegi bat bezala utzi zuten. Berriro gazteak eta gaztetxoak pilotara erakartzea zaila izango zela eta horregatik egin zutela horrela esan zidan alkateak´´, dio Jose Ramon Bozasek, taldeko pilotari ohi eta profesional ohiak.

Zestak Palos de la Fronteran bizi duen egoeraz penaz eta haserre puntu batekin hitz egiten du Jose Ramonek. ´´Hemen zestak indar handia izan du, profesional izatera ere iritsi ginen batzuk, baina orain begira nola gauden´´, esaten du.

Palos de la Fronteran pilotaleku luzea 1988. urtean estreinatu zuten. Hortik aurrera zestak bere lekua izan zuen. ´´Hemen zestak asko iraun du, baina sekulako indarra izan zuen. Gure klubean palaren eta zestaren artean 250 pilotari genituen, begira nolako afizioa zegoen herrian´´, esaten du.

Zestak goi mailako pilotariak eman zituen, eta horien artean, Bozas bera, eta baita Rojas edo Guerrero ere, hiruak profesionalak izan ziren. ´´Mugitu behar izaten genuen, Euskal Herrian hainbat eta hainbat aldiz jokatu behar izaten genuen, baina afizioa geneukan, eta zestatik bizitzeko aukerak ere izan genituen. Lan handia egin zen bai zestaren alde, eta baita pilotaren alde ere´´, esaten du.

Gaur egun pilotalekua dagoen bezala ezin da zestan jokatu, baina jokamolde hau berreskuratzeko ametsik ez du galdu. ´´Gaur egun ezin da zestan jokatu kiroldegi bat bezala moldatu dutelako, baina berriro ere pilotarako moduan jartzeko ez da asko behar. Pilotaleku bat izaten jarraitzen du, eta pilotan aritzeko lurra aldatu eta sarea jarri, ez da besterik behar. Beraz, nik udalean pilota maite duen jendea sartuko denaren itxaropen osoa daukat eta haiekin berriro ere zerbait egin´´, dio. ´´Pilotaleku bikaina da hau, gutxi bezalakoa, eta orain dagoen bezala egoteak min ematen du. Lehen ere kiroldegi bezala erabiltzen zen, ez zegoen arazorik, ez dut ulertzen zergatik jarri duten pilotan ez jokatzeko moduan´´, esaten du penaz.

Oraingoz ez da posible ez zestaz ez eta gainerako jokamoldeetan ere aritzea Palos de la Fronterako pilotalekuan, baina etorkizunean, Jose Ramonek dion bezala, posible da berriro ere hori berreskuratzea, nahiz eta horretarako berriro ere obra egin beharko duten.