Indartsu eta gogotsu dator Berriozar

  • 2018-04-04

Berriozar Jai Alai kluba berria da oraindik, 14 urte besterik ez ditu, baina nafarrak indartsu eta gogotsu datoz.´´Kluba 2003. urtean sortu zen, eta hasiera hartan Euskal Jai Alai izenarekin hasi ginen jokatzen, baina orain dela hiru urte Berriozar Jai Alai izena hartu genuen´´, dio Xabier Gamarrak, klubeko ordezkariak.

´´Klub hau sortu genuen guztiak Noaindik etorritakoak ginen. Garbi esan behar bada, handik bidali egin gintuzten, barne arazo batzuk izan baitziren. Orduan guk beste bide bat hartu genuen, eta orduan Berriozar sortu genuen´´, dio Xabierrek.

Kluba sortu eta eskola sortu, biak batera egin zituzten. ´´Orduan 8-10 urteko bost ume genituen, hiru mutil eta bi neska. Umeetan, gaur egun 17 ditugu, 10 eta 16 urte bitartekoak, eta denak mutilak dira´´, dio Xabierrek. ´´Une honetan 30 lizentzia inguru ditugu. Umeez gain, 10 heldu ere bagaude klubean. Gero badago lehiatzen ez duen bakarren bat edo beste ere´´, eransten du Gamarrak.

Hala ere, klubak herrian ez dauka frontoi luzerik, eta ondorioz Asterainen jokatu behar izaten dute. ´´Berriozarren frontoi laburra dugu, eta Asteraingo udalarekin badugu akordio bat eta han entrenzaten dugu. Gero, gure eskolan hango umeak hartzen ditugu. Gauzak ongi doaz, eta ikusten dugu hau hazten ari dela´´, dio Xabierrek.

Kluba berezia dela dio Xabierrek. ´´Hemen dena partekatzen da. Gure umeek ez dute euren zestarik, elkarrekin partekatzen dute. Beste klubetakoak sinestu ezinik geratzen dira, baina horrela egiten dugu lan. Denenak dira zestak. Hala ere ongi goaz, emaitza onak lortuz gabiltza, eta zeozer ongi egiten arituko gara´´, esaten du Gamarrak.

Zesta Berriozarren ere berria dela onartzen du Xabierrek. ´´Gu etorri arte herrian ez zen inoiz ikusi zesta, baina gustatzen ari den zerbait dela esango nuke. Festetan gure frontian lehiaketa bat egiten dugu, eta jendeak oso ongi erantzuten du. Apurka-apurka ari da gure kirol hau ezagutzen, eta gure beste helburuetako bat ere horixe bera da´´, dio klubeko ordezkariak.

Gisa honetan, Xisteraren ekarpena oso ona izan dela onartzen du. ´´Xisterak gauza onak ekarri ditu zestara, behar zen zerbait da. Guretzat federazio bat bezala da, zestarentzat lan egingo duen ekimen bat, eta hori oso garrantzitsua da. Gure kasuan, oraingoz seniorrak ari dira, batez ere, ekarpen hori nabaritzen, baina hemendik aurrera txikiagoak ere joango dira hori nabaritzen. Uste dut, aurrera joateko derrigorezkoa zela, eta orai denon artean guzti honek ongi lan egin dezan lagundu behar dugu´, dio.

Berirozarren, behintzat, ez da ilusiorik falta eta lanean ari dira. Gazteak gogoz datoz atzetik, eta hori da beharrezkoa, aurki izango baitira seniorretan, eta etorkizuna eurena izango baita. Horretan ari dira Berriozar Jai Alai taldeko kide guztiak lanean.