Ilusioz beteriko denboraldia da emakumezkoentzat

  • 2018-06-11

Emakumezkoak gogo biziz datoz, eta ilusioarekin begiratzen diote hasi berria den denboraldiari, eta ez da gutxiagorako. Lehen aldiz jokatuko dute Mundial bat eta aurreneko aldiz ari dira jokatzen Xistera Zirkuitoa.

´´Uste dut guretzat urte berezia dela. Mundial bat oso erakargarria da, ilusio handia pizten digu pilotari guztiei eta ohore bat da guretzat jokatu ahal izatea´´, esaten du Izaro Arbe pilotariak, eta kirol batzordeko kideak. ´´Zirkuitoa bera jokatzea ere gauza handia da. Azkeneko urteetan topaketak egin ditugu, baina azken batean denok nahi izaten dugu jokatu eta lehiatu, eta honek aukera hori ematen digu. Denboraldi eder baten aurrean gaude´´, eransten du Arbek.

Munduko Txapelketak ere zirrara berezia sortzen diela onartzen du. ´´Ilusioa ikaragarria pizten digu, eta neska guztioi gainera. Kezka ere bai, jende asko egongo da eta gazuak ongi egin nahi izaten dira, baina emakumezkoen zesta puntarentzat pauso oso garrantzitsua izango da´´, onartzen du Izarok.

Denboraldiak Cabanillasen eman zion hasiera, eta ezin hobeto hasi zela esaten du Izarok. ´´Oso hasiera ona eman genion. Gainera asteburu osoa izan zen, eta oso ona izan zen. Jokatzeaz gain, topaketak ere egin genituen, eta elkar hobeto ezagutzeko ere balio izan zigun. Oso ona izan zen´´, dio Arbek.

Kantxatik kanpo bizi izandako giroa ere azpimarratu nahi izan du Izarok. ´´Antolakuntza aldetik ere oso ondo joan zen, eta gero ikusleen aldetik ere oso erantzun ona izan zen. Dena atera zen primeran, eta oso gustura etxeratu ginen´´.

Cabanillasekoa pasatu da, eta jadanik larunbatean Markinan jokatuko denari begira daude. ´´Jadanik Markinakori begira gaude, eta egun guztikoa izango da gainera. Goizean emakumezko pilotariei buruz dokumental bat egongo da, mahai inguru bat ere bai eta pilotalekuan argazki erakusketa bat emakumezko pilotariei buruz. Arratsaldean, berriz, pilota izango da, eta Cabanillasen bezala egingo dugu. Kinielak eta gero Zirkuitoko partidak. Tartean, Markinako dantza taldeak zesta oinarritzat hartuta atera duen dantza berria ere aurkeztuko du, eta raketista izan zen Kontxita Bustinduiri omenaldia egingo zaio´´´, esaten du.

Arberentzat larunbatekoa berezia izango omen da. ´´Markinako 14 neska gaude, eta berezia izango da herrian aritzea, eta espero dut pilotalekua betetzea´´, esaten du.

Xisterak egin duen ahalegina ere eskertzekoa dela esaten du. ´´Nesken zestari bizitzeko aukera eman dio. Ezer ere ez izatetik, bapatean zirkuito bat izatera pasatu gara, komunikabideetan agertzera, eta partidak jokatzera. Hori zen nahi genuena, eta hori da behar genuena. Horrek jende berria ere erakarri du, eta erakarriko du. Begira, Cabanillasen 11 hasi dira, adin ezberdinetakoak, gainera, eta haientzat handia izan zen Cabanillasekoa. Honelako aukerarik izan ez balitz, seguraski asko ez ziren hasiko. Orain, gainera, Mundiala ere badaukagu. Dena doa nahi bezala, eta Xisterak zer ikusi handia izan du horretan´´, onartzen du.

Abian jarri dira, eta orain lanean jarraitu beharko dute. Hasi berriak direnez, euren artean aldeak daude, baina Izarok dion bezala, denboraldia amaizterako gauzak parekatzen joango dira, denak joango baitira ikasten. Orain lanean jarraitu nahi dute, eta hasteko gogoz dabiltzan guztiak erakarri nahi dituzte.